Banda Batxoki naparrak dira, dudarik gabe, biharko kontzertuan ikusmin handiena sortu dutenak. Txantreako taldeak ondo ezagutzen du Uribe Kosta eskualdea eta bertoko herrietan duen zalegoa. Besteak beste, Leioako Kurkudi herriko tabernan eta, orain bi urte, Itzubaltzeta / Erromoko jaietan jo du Banda Batxokik. Bigarren egun horretan, La vaca guano eta Macarrada aurretik jo behar izan zuten Txantreakoak, 20:00ak aldera hasita, eta ikusmen handia sortu zuten; ez musikagatik, kontzertua dibertigarria izan zelako baizik. Hain zuzen ere, hori da euren estiloa. Igaz, Leioako San Juan jaietan ere jotzekoak ziren, baina ezin izan ziren bertaratu, Gorka bateria-jolea mina hartuta zegoelako.
"Jan goikoa eta lege txarra"
1999an sortu zuten taldea Joe Kakor´s and the Butiños punk band izenpean. Geroztik dozenaka kontzertu eskaini zituzten "Euskal Herrian barna kinki tour" izeneko bira baten barnean. Banda Batxoki izenarekin, berriz, 2002tik hona kontzertu mordoa eskaini du Euskal Herriko geografian. Era berean, Madrilgo Navalkejigo herri okupatuan ere kontzertua eskaini zuten. 2005eko apirilean grabaturiko bere lehenengo diska ibilbide honen 15 kanta biltzen ditu, hauetatik 13 euskeraz eta bi gaztelaniaz, beraien artean Berurier Noir taldearen bertsio bat. Hain zuzen ere, "Jan goikoa eta lege txarra" diska zuzenean entzuteko aukera egongo da, lehendabiziko aldiz eskualdean, bihar.
Banda Batxoki talde aproposa da gaztetxe eta txosnetako aholtza gainean ibiltzeko, jai herrikoien zale eta partaide. Taldearen ideia punk musika egitea da, gerora ateratzen dena zehazteko dago. Taldekideak: Kako (ahotsa), Saul (ahotsa), Buby (ahotsa), Gorka (bateria), Motillo (gitarra), Fertxu (gitarra), Albarito (baxua) eta Joseba (filarmonika).
"Zer gara gu? Nor gara gu? Banda Batxoki gara gu!" (Gaztesarea.net)