"Bai eskolak euskalduntzeari!" sinadura kanpaina jarri dute abian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 30a, 22:19

Gaur, Andoainen, hezkuntza eta euskalgintzako eragile ezberdinek kanpaina berri bat aurkeztu nahi diogu euskal jendarte osoari. "Bai eskolak euskalduntzeari!" lelopean sinadura bilketa oinarri izango duen kanpaina da aurkezten ari garena. Kanpaina honetara iristeko, azken urteotan eskolak euskaldundu dezan eragile eta eremu ezberdinetatik egindako eskaera aintzat hartu behar da eta beraz, hemen bildurikoa azken urteetan egindako lanaren emaitza dela esan dezakegu. Argazkia: Euskal Herria Info

Gaur egun Euskal Herrian diren hizkuntza ereduen bitartez milaka haur eta gazteren hizkuntza eskubideak urratzen dira. Batetik, ikasleen gehiengo zabalari euskara ezagutzeko eskubidea urratzen zaio; bestetik, Euskal Herriko hainbat eremutan (bereziki, baina ez bakarrik, Nafarroa Garaian eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan) euskaraz ikasteko eskubidea bera ere ukatzen zaie.

Ondorioa nabarmena da, eskolak hiru ikasletik bi ez ditu euskalduntzen: A, G eta X ereduetako guztiak; B ereduko %67 eta D ereduko %32a, gutxienez. Portzentaje hauek ondorioztatzeko Eusko Jaurlaritzak pasa den urtean egindako azterketaren emaitzak erabili ditugu. Datu gordin hauek, aspaldiko urteetan, eragile ezberdinek adierazitakoa berretsi besterik ez dute egiten. Esan beharrik ere ez dago, egoera honek euskararen normalizazioa guztiz trabatzen duela eta gure hizkuntzaren geroa bera ere zalantzan jartzen duela.

Egoera hau izanik ere, aldaketaren beharra gero eta nabarmenagoa da. Hori bakarrik ez, aldaketarako aukerak ere irekitzen ari direlakoan gaude. Hortaz, neurri ezberdinean bada ere, orain arteko hizkuntza ereduak aldatzeko beharra nabaria da Euskal Herrian:

- Nafarroa Garaian: euskarazko irakaskuntzaren aurkako oztopo eta neurriak gainditzeko etengabeko mobilizazioak burutzen ari dira eragile eta sektore ezberdinetatik. Horren adierazgarri, Iruñerriko zenbait eskola publikotan (Patxi Larrainzar, Antsoain, etab.) eta ikastola ez legalen afera izango genituzke. Honekin batera, hizkuntza politika berri baterako beharra azpimarratuko genuke.

- Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan: hizkuntza politika berri bat aldarrikatzeko plataforma bateratua eratu zen pasa den ikasturtean, sare publiko zein pribatua eta Seaska bilduz. Hiru lurraldeotan eztabaida zabalik dago, bide berriak ari dira urratzen eta proposamen ezberdinak mahai gainean daude.

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriki Gasteizko Legebiltzarrak adierazi du egungo hizkuntza ereduen politikak ez duela haur eta gazteen euskalduntzea bermatzen eta 2007ko otsailerako ereduak aztertu eta aldatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari, modu honetan urteetan indarrean egon den politika aldatuko litzatekeelarik.

Sinadura bilketa kanpaina

Esan bezala, egoeraren larritasunak batetik eta egun euskalduntze osoa bermatzen ez duten ereduak gainditzeko aukerak zabaldu izanak bestetik, euskalduntzearen alde indarrak biltzea eta aktibatzea eskatzen duela deritzogu. Inoiz ez bezala, eskola bidez haurren euskalduntzea bermatzeko aukerak zabaltzen ari direla pentsatzen dugu eta horregatik beharrezkotzat jo dugu euskalduntzearen aldeko eskaera areagotzeko kanpaina berri bat abiatzea.

Ekimenaren bitartez, eskola bidez haur guztien euskalduntzearen beharra lau haizetara zabaldu nahi dugu eta Euskal Herrian hezkuntza eskumenak dituzten instituzioetara eskakizuna bideratuko dugu. Gure helburua, Euskal Herri osoan milaka herritarren sinadurak biltzea da eta hauen bitartez instituzioei egun indarrean diren eredu edo politikak gainditu eta euskalduntzea bermatzeko prozesuak zabal ditzaten dugu helburu. Egoeraren larritasunak batetik eta egoera hori gainditzeko aukera berriak zabaltzeak bestetik, erronka handi bat planteatzera ekarri gaitu.

Sinadura bilketa kanpaina hau otsailetik maiatzera bitartean egingo dugu. Datozen egunetan eskualdez eskualde batzarrak egingo dira, lekuko kanpaina diseinatzeko. Hortik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan hedatuko da izenpetzeen kanpaina: ikastetxeetan, kaleetan, lantegietan, euskaltegietan, eragile ezberdinen baitan? Gaur, hemen bildutako eragileok, euskal herritar eta eragile guztiei kanpainarekin bat egin eta euskalduntzearen alde indar egiteko deialdia luzatu nahi diegu. Eskolak euskalduntzearen alde euskal herritar bakoitzaren sinadura ezinbestekoa zaigu, euskararen berreskurapenaren bidean urrats berriak eman ahal izateko.

Kanpainaren sustatzailea:

- Eskolak Euskaldundu ekimena

Kanpainaren babesleak:

- Kontseilua
- Euskal Konfederazioa
- Oinarriak
- Topagunea
- AEK
- IKA
- EHE
- UEU
- Euskal Irratiak
- Ikas
- Sortzen Ikasbatuaz
- LAB
- Euskal Herriak Bere Eskola
- Ikasle Abertzaleak

Eskolak Euskaldundu ekimena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun