Musika jaialdiak dira Getxo udalerriko kultur ekitaldi guztien artean ezagunenak, Coriaren hitzetan. Jaialdi horien inguruan, kultura ekitaldi ugari daude antolatuta. Horrela, nazioarteko Jazz, Blues eta Folk jaialdiez gain, beste musika ekitaldi batzuk ere izango dira urtean zehar, hala nola Habanera Jaialdia, Udazkeneko kontzertuak, Aste Korala eta Folklore eta Dantza Jaialdia. Horien guztien bidez, beste genero batzuekin gozatzeko aukera izango dute ikusleek.
Garrantzi handia dute halaber azokek eta erakustaldiek. "Urtetik urtera, milaka lagun elkartzen dira horietan. Eskulangintza Azoka beteranoa, esaterako, eskulanen arloan EAEn dagoen ekitaldi garrantzitsuena da. Bestalde, horrenbeste edizio izan ezean, dagoeneko kultura programazioan finkatu diren zenbait ekitaldi ere badaude, hala nola, Getxoarte (Arte Sortu Berrien Azoka), Komiki Azoka eta Erdi Aroko Azoka", azaldu du Getxoko Kultur Etxeko arduradunak.
Ekitaldi handien proposamena osatzeko bestelakoak ere antolatu dituzte; batetik, orain bi hamarkada baino gehiago pasa eta gero, euskal antzerki ekoizpenaren erakusgarri diren Antzerki Jardunaldiak; Euskara Jardunaldiak, "gure hizkuntzaren inguruko ekitaldi programa zabala eskaintzen dutenak".
Gaurik Laburrena izenekoa ere film laburren generoari buruzko ekitaldia da eta, azkenik, Getxolandia, gabonetako oporretan "haurren topaleku nagusi" bilakatzen dena. Horiekin guztiekin batera, San Lorentzo Azoka eta Erregeen Desfilea ere antolatzen ditu Getxoko Kultur Etxeak, biak ere urteko programazioan ekitaldi finkoak direnak.
Programazio egonkorra
Getxoko ikus-entzuleek kultur eskaintza "interesgarria" izango dute eskura urte osoan zehar, udal arduradunen hitzetan. "Urteko 12 hilabeteetan, Getxoko herritarrak eskaintza zabala izango du aisialdia kultur ekitaldiez osatu eta betetzeko. Horrela, Getxoko egutegian programazio iraunkor eta egonkorra dago, eta tartean ugariak dira antzerki emanaldiak, kontzertuak, zinema zikloak (Zine-Kluba, Cinema Paradiso, Haur Zinema), erakusketak, hitzaldiak eta dantzak", azaldu du Coriak.
Egitarau hori bizirik mantentzeaz gain, Getxoko Kultur Etxeak ekitaldi zehatzak ere sustatzen ditu, hala nola, Agate Deuna eguneko koruen ekitaldiak, eskola inauteriak, Pio Lindegaard-en omenezko kontzertua, "Emakumeak Musikan" Jaialdia, Eskola Antzerki Jardunaldiak, Getxoko Dantzaren Eguna, Korpusaren jaia Portu Zaharrean, eta beste batzuk. Horien artean izango dira, udalaren beste entitate batzuek antolatuta instituzio horren laguntza eta babes osoa dutenak.
2005eko emaitzak
Iaz 595.000 pertsonak parte hartu zuten Getxoko Kultur Etxeak antolatutako jardueretan, udal iturrien arabera, eta erabili zituzten erakunde honen liburutegi-zerbitzuak. Kultur ekitaldietan 356.000 pertsonak parte hartu zuten guztira, eta liburutegi-zerbitzuetan nahiz liburutegi-zerbitzuek antolatutako ekitaldietan, berriz, 239.000 erabiltzaile zenbatu ziren.
"Kopuru horiek, aurten ere, Kultur Etxearen ekitaldi eta zerbitzu-eskaintzak duen harrera ona erakusten dute; izan ere, Kultur Etxearen helburua da getxotar guztiak asebeteko dituen kalitatezko programa anitz bat eskaintzea", adierazi du Coriak.
Eskuratu hemen (pdf) klik eginez otsaileko kultur egitaraua.