Hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik, Ertzaintzak Lekeition euskaltzale bat atxilotu izana gaitzetsi du Algortako EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 1a, 22:21

Euskaltzale bat atxilotu du Ertzaintzak gaur Lekeition. Goizeko 6.30ean atzeman dute Lekeitioko bere etxe atarian, lanera zihoala. Ondarroan, polizia etxean ordu batzuk eman ondoren, Gernikako epailearen aurrera eraman dute eta goizeko 11.00etan aske utzi dute baldintzapean eta epaiketaren esperoan. Hilabetean bi aldiz epaitegira joan behar du sinatzera. Gernikako epaitegian hizkuntza eskubideak berma daitezen lanean dihardu EHEk azken urteotan. Lan ildo horretan kokatutako ekimen batean parte hartzeagatik epailearen aurrean agertzera deitu dituzte lau lagun. Hizkuntza eskubideak bermatuak izan ezean, aipatu epaitegiaren inolako harremanik izateari uko egin zioten hauek. Hau honela, epaileak lau lagun hauek atxilotzeko agindua eman du. Gaurkoa, lehena izan da, baina beste hiru lagun ere atxilotzeko arriskuan daude. Argazkian, aspaldi, EHEk Getxoko epaitegiaren aurrean egindako kontzentrazioa.

Eskubideen urraketak, bat bestearen atzetik jasan behar izan ditu aipatu lagunak. Lehenik eta behin, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik epailearen aldetik zigorra jarri nahi izana. Bertan agertzera uko egiteagatik (ez zaizkielako eskubideak bermatzen) poliziak atxilotuta eramatea. Atxilotuta eraman duten ertzainak erdaldunak ziren eta euskaraz artatua izatea eskatu duenean, hau ere ukatu egin diote. Ordutik aurrerako tramite guztiak erdaraz egitera behartu dutelarik. Fitxa egin ondoren, eta ordu batzuk igaro ostean epailearen aurrera eraman dute Gernikara. Honek jakinarazi dio autoa (lehen aldiz, orain arte euskaraz idatzita zegoen lehena). Honek, nahi dutenean, beraiek erabakitzen dutenean tramiteak euskaraz egiteko baliabideak, egon badaudela adierazten du. Esan bezala, baldintzapean aske geratu da eta hamabost egunean behin epaitegian agertu beharko du.

Honen guztiaren aurrean, Euskal Herrian Euskarazek gogor salatu nahi du justizia administrazioen erasoa, eta bereziki kasu honetan Lakuako Justizia Sailaren jarrera; zeinak bere esanetara dauden poliziak bidaltzen dituen euren eskubideak aldarrikatzen dituzten herritarrak atxilotzera. Eta ertzainek hartzen duten jarrera euskal herritarrekiko eta gure hizkuntzarekiko. Ez da lehen aldia jarrera hau hartzen dutena, hala ere, sistematikotasun honek larriagotu egiten du egoera. Bizitzako arlo guztietan euskaldun gisa agertzeko konpromisoa hartzen duten herritarren aurkako jarrera argia adierazten dute ekintza hauen bidez. Batetik, euskararen aldeko mezuak zabaltzen dizkigute lau haizetara eta atzerrian euskararen defendatzaile sutsu direla saldu nahi digute; bien bitartean, Euskal Herrian bertan egiten dituzten ekintzen bitartez euskararen aurkako jarrera aktiboa dutela argi uzten dute agerian. Hau al da gure herriarekiko eta hizkuntzarekiko hartzen duten konpromisoa? Euskaraz bizi nahi izateagatik jendea zigortzea?

Lotsagarria

Lotsagarria da, gaur egun oraindik bakoitzak bere herrian bertako hizkuntzan bizitzea aldarrikatzeagatik jendea zigortzea. Herritarren oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, euskararen normalizazio prozesua galgatzen ari dira gisa honetako jarreren bitartez.

Berandu baino lehen, egoera hau irauli beharra dago. Euskaldunok, gure herrian gure hizkuntzaz bizitzeko eskubidea dugu eta arduradun politikoei dagokie hau bermatzea. Ardura politikoa duten eragile guztiei erantzukizunez jokatzea exijitzen diegu. Zapalkuntza egoera hau denboran gehiago luzatzea ezin dugu onartu. EHEk, bere aldetik euskararen normalizazioa lortu bitartean tinko jarraituko du lanean. Ildo honetan, larunbatean, egoera hau salatzeko elkarretaratzea egingo da Lekeition, arratsaldeko 19.00etan udaletxe aurrean. Herritar guztiak bertan parte hartzera deitu nahi ditugu. Nahikoa dela aldarrikatu nahi dugu. Ezin dugu ahaztu, beste hiru lagun ere atxilotzeko agindua eman duela epaileak ekimen berean parte hartzeagatik. Hizkuntza Eskubideen Behatokiari ere egoeraren berri eman zaio, behar den prozedura zabaldu dezan.

Algortako EHE
e-posta: algortakoehe@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun