Azken diska aurkeztuko du ostiral honetan Leioan Ismael Serranok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 2a, 20:57

Ismael Serrano abeslari madrildarra Euskal Herrira itzuliko da ostiral honetan, otsilak 3, "Naves ardiendo mas alla de Orion" diskoaren abestiak aurkezteko. Apirilean Bilbon egon ondoren, eta azaroan Lasarte-Orian, Iruñan eta Irunen abestu eta gero, bihar Kultur Leioako auditorioan joko du madrildarrak. Martxoaren 7an jarri zuten salgai Serranoren seigarren diskoa, bi formatutan. Batetik, 14 abesti dituen CDa eskura daiteke, edo, bestela, nahi izanez gero, CD horrez gain, artistari egindako elkarrizketa bat eta beste hainbat eduki dituen DVDa. Disko horretako lehen singlea "Elegia" da, Vaquillari eskainitako abestia. Martxoaren 11ko biktimei eta etorkinei buruz ere hitz egiten du Serranok disko honetako abestietan. Emanaldia 20:30ean izango da, 15 euro ordainduta.

Vallecaseko kantaria aspaldi egin zen ezagun musikaren munduan. 90eko hamarkadaren lehenengo urteetan, zuzeneko musika eskaintzen zuten taberna eta kafe-etxeen zirkuitu berria (Libertad 8, Galileo, Nuevos Juglares) sortu zen Madrilen. Handik gutxira, kantautore gazteen talde bat sortu zen, 20ko hamarkadan sortutako haiek gogorarazten zituena, eta "une hartako egoera politikoaren aurka altxatu zituzten ahotsak". "Jakina denez, garai hartako Espainia ez zen bi hamarkada lehenagokoa, baina gazte talde honek eta luze barik beraien inguruan elkartzen hasi ziren ikusle ugarik uste zuten artean adi egon behar zela inguruan gertatzen zenaren aurrean", diote Ismael Serrano eta garaiko kantautoreak gogoko dituztenek.

Urte oparoak

1996. urtearen hasieran, mugimenduak fenomeno izateari utzi zion, eta lokal hauetako plaza-kopurua erabat gainditzen zuen errealitate bihurtu zen. Urte horretantxe, Ismael Serranok garai hartan multinazionala zen Polygram disko-etxearekin (gaur egun Universal da) sinatu zuen, eta bere lehenengo diskoa, “Atrapados en Azul” (1997), kaleratu zuen. “Papá cuéntame otra vez”, “Vértigo” edo “Amo tanto la vida” abestiak "benetako ereserki" bihurtu ziren Atlantikoaren alde honetako eta beste aldeko gazteentzat, adituen hitzetan. Ondoren etorri ziren "La memoria de los peces" (1998), "Los paraisos desiertos" (2000), "La tradicion de Wendy" (2002) eta "Principio de incertidumbre" (2003) lanak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun