Berrikuntzei esker, ikasle kopuru bikoitza hartzeko tokia dauka Altzaga ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 2a, 21:58

Altzaga ikastolaren eraikin berriztatua eta garai bateko eskola zegoen baserriaren barruan egindako gimnasioa ofizialki inauguratu dituzte gaur goizean. Klarisa Marcos Alonso zuzendaria, irakasleak, gurasoak eta Leioako hainbat udal ordezkari bertan zirela, Karmelo Sainz de Maza alkateak eta Pedro Otxoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak moztu dute zinta. Ohorezko aurreskuaren ostean, berriz, Unai Zelaietak eman ditu, proiektua zuzendu diten lau arkitektoen eta bi aparejadoreen izenean, egindako berrikuntzen gaineko xehetasunak. Eraikin nagusian altzatu diren bi solairu berriei esker, ikasle kopuru "bikoitza" hartu ahal izango du Altzaga ikastolak, Marcosek adierazi duenez. "Dagoeneko neska-mutil berriak hasi gara sartzen, ikasturte honetan 2 urteko bi gela ditugu. Hezkuntza linea bi jartzea da asmoa", zuzendariak azaldu duenez. Gaur egun, 153 haur eta 18 irakasle dago bertan.

Nahiz eta Altzaga ikastolaren inaugurazio ofiziala gaur egin –bihar ekitaldiak egongo dira egun osoan neska-mutil, guraso eta ikasle eta irakasle ohientzako–, igaz itzuli ziren ikasleak ikasgeletara, hiru ikasturtez Artatza ikastetxe publikora behin-behinean joan eta gero. Baserrian egindako kirol gunearen lanen zain egon dira gaurko ekitaldia egin ahal izateko, Marcosek argitu duenez. Berrikuntzei esker, lau solairu ditu egun Ondizeko eraikin zaharberrituak eta oztopo arkitektonikoak kendu dituzte elbarrituen onurako. Horma koloretsuak eta alaitsuak, altzari berriak eta herria ikusteko sekulako panoramika duten leihoak dira barruko gelen ezaugarrietako batzuk.

Leioako gainontzeko ikastetxe publikoak ez bezala, ikastolak jantoki zerbitzu propioa dauka. Leioako Udalak ere bere laguntza eskaini du haurrentzako jolasgunea kokatuz, kirola egiteko osagarriak jarriz, aparkalekua atonduz eta sasiz beterik zegoen ikastolaren inguruko garbiketaren ardura hartuz. Bestalde, Altzaga ikastolako baserria zegoen lursailean zenbait kiroletan praktikatzeko gimnasio bat, aldagelak, bulego bat eta biltegia egin dituzte. Eraikinaren sarrera 9 metro aurreratu dute kirol gunearen azalera handitzeko asmoz. Gainera, baserriaren jatorrizko arkua eta hormak mantendu dira.

Ikastolaren izena

Ikastolak Altzaga izena hartu zuen Bilboko auzoa izandakoan kokatu zelako, beste batzuk Desierto edo Erandio Bekoa deitzen zuten auzoan, hain zuzen ere. 1969-1970 ikasturtean hasi zuen Elexalden bere hezkuntza prozesua, seme-alaben euskal hezkuntzaz arduraturiko guraso-talde bat biltzen hasi zenean. Lehenengo bilera Elexaldeko San Jose eskola zaharrean egin zen; bilera hartan beste batzuen artean, Eusebio Gaubeka, Joseba Elordui, Benito Gil, Antolin Ramon, Jose Luis Perello, Koldo Azkue, Iñaki San Juan, Juan Antonio Aresti eta Andoni Arteaga izan ziren. Altzaga ikastola Elexaldetik gaur egun dagoen Ondizera igaro zen. Iturriena baserria, orain Abadene izenekoa, Bautista Basañezi erosi zitzaion, 4.100 metro koadroko azaleran. Gurasoek egin zituzten konponketa lanak, igeltsero, elektrikari eta pintoreak izango balira bezala, ikastolaren proiektu hura aurrera ateratzeko. Aita-amek zuten ilusio guztiaren emaitza begi-bistakoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun