Hizkuntza-ereduen eraberritzea diseinatu behar den momentu honetan Kontseiluak gaiaren garrantzia nabarmendu nahi du, "euskararen normalizazioan aurrera egiteko belaunaldi berriak euskaldundu behar dira". Era berean, gaur egungo sistemaren gabeziak aipatu dituzte Kontseiluko ordezkariek, "ezarrita dagoen eredu-sistemak eman behar zituen fruituak ez baititu eman".
Bestetik, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdiko egoera aipatu dute Kontseiluko bozeramaileek, "Euskal Herrian milaka haur eta gazteren hizkuntza-eskubideak urratzen dira". Izan ere, euskaraz ikasteko aukerarik ere ez dutela izan azpimarratu dute, "Lanbide heziketa eta unibertsitatea arloetan gertatzen dena ahaztu gabe".
Eredu berria garatu
Horregatik, Kontseiluaren xedea belaunaldi berriak erabat euskaldunduko dituen eredu berria garatzea da, "une egokia delakoan gaude euskararen lurralde guzietan eztabaida mahai gainean dagoelako eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan adibidez, 2007rako ereduak aztertu eta aldatzeko erabakia hartu behar da eta".
Beraz, "Bai eskolak euskalduntzeari!" ekimena une aproposean datorrela adierazten du Kontseiluak, eta dei egiten die euskal herritar guztiei eskaerarekin bat egin dezaten, haren aldeko sinadura emanez. "Eskola bidez belaunaldi berriak osoki euskalduntzea denon artean bermatu beharko genuke", esan dute azkenik.
Kontseilua