Gazteen defentsak nabarmendu du familiaz aparte “badagoela interesa prozedura judizialak zabaltzeko”, EAEko Herrizaingo Sailari erreferentzia eginez. Abokatuaren arabera, Sopelan, Gasteizen eta Oñatin erabilitako jokamoldeak Balzaren estrategia berria izan liteke, epaiketa arinak zabalduz, gaztetxeen kontrako desalojo aginduak ahalik eta arinen eskuratzeko. Jokamolde hori ugalduko den hurrengo asteotan ikusteko aukera izango dela iragarri du.
Alokatzeko aukera alde batera utzi zuten Elorriagatarrek
Hiru salatutakoek epaileari jakinarazi diote 2. epaitegian baino ez dutela deklaratuko, nahiz eta haietako bik onartu duten Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideak direla. Bestalde, deklarazioak egin bitartean gela berean izan dira salatutakoak eta salatzaileak eta tentsio artean izan bada ere, elkarrizketa izan dute. Horrela, Elorriaga familiak SUGAk jarritako abokatuari onartu dio Ertzaintzaren jarrerarekin ez datorrela bat: “ez dugu larriagoetara pasatu nahi. Guk Ertzaintzaren jarrera ez dugu kontrolatzen. Nahi dugun bakarra da neska-mutilak etxetik ateratzea. Ez dugu nahi inori ezer gertatzea”. Era berean, gatazka ez pertsonalizatzeko eskaera egin diete gazteei: “ulertuko duzuenez zuen kontra ez dugu ezer” esan diete hiru salatutakoei. Era berean, Elorriagatarrek onartu dute “arazoa konponbide erraza duela, Udalak zuei (SUGAgatik) lokalak ematea”.
Bitartean, Elorriagatarrak eta SUGAko ordezkariak urtarrilaren hasieran bildu ziren “pertsona zibilizatuak bezala egoera konpontzeko”. “Guk nahi duguna da gazteak hortik alde egitea ahalik eta lasterren” esan dute Elorriagatarrek, eta elkarrizketa horietan balizko alokairua ezeztatu ostean “alokatzeko baldintzak ez dituelako betetzen”, bi kontu adostu zuten SUGAko kideekin: etxea saltzea lortuz gero neska-mutilek gaztetxea erabiltzeari utziko lioketela eta barruan gerta daitekeen edozein kontuz Elorriagatarrak ez direla arduradunak izango. Elkarrizketetan bertan iragarri zuen familiak salaketa jarriko zuela. Gaur SUGAko kideek azaldu dutenez arazoak izaten ari dira aseguru-etxe batekin asegurua kontratatzeko izan ere etxea prozesu judizial baten azpian egoteak ez du lagundu.
Dagoeneko 13 eroslek aurkeztu dituzte proposamenak
Bestalde, Elorriagatarrek ezeztatu dute etxea dagoeneko salduta dagoela dioen zurrumurrua. Hainbat urteetan erosteko 13 proposamen jaso dituzte, baina guztietan familiak nahi zuena baina gutxiago eskainiz. SUGAko kideen arabera zaila izango da etxea saltzea, berau errekaren ondoan dagoelako eta eraikina botaz gero ez dutelako bertan ezer jartzeko baimenik egongo litzatekeenik. Familia ere Lurralde Zatikako Plan berria itxaroten ari da.
Azkenik, Elorriagatarrek ukatu dute hainbat urteotan gazte toxikomano bat etxean bizi izana jakitea: “guri inork ez digu esan hor yonki bat egon denik. Ez Ertzaintzak, ez inork. Daukagun lehenengo berria orain izan da”.