Ezker Batuak hondakinen errausketari bidea eman diola salatu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 6a, 22:18

Udal gobernuko EAJ, EA eta EBren aldeko bozekin, Getxoko Udal Batzarrak hiri hondakin solidoei buruzko Bizkaiko Foru Aldundiarekiko hitzarmena onartu zuen urtarrilaren 27an. Hitzarmenaren bitartez, apirilaren 1etik aurrera, foru erakundeak kudeatuko ditu, oraindik, udal zabortegira eramaten diren hiri hondakinak. Aldundiari ordaindu beharrekoa dela eta, udalak zarama bilketagatiko B tarifa kobratuko du, %86ko igoera ezartzen duena hain zuzen ere. Getxoko Udal Gobernua Getxo Bizia herri plataformarekiko mantentzen ari den apartheid zorrotzaren ondorioz, hitzarmenaren zehaztasunak ezagutu gabe bada ere, hitza hartu ahal izan zuenean hitzarmena bera eta, bereziki, Ezker Batuaren jarrera kritikatu zuen Josu Amezaga gure hautetsiak, udal batzarrean bertan argitara eman diren datuetan oinarrituta eta hiri hondakinen tratamendurako berriki onetsitako aldundiaren plana ezagututa. Argazkian, Getxoko zabortegia.

Berriro ere, Getxo Biziari dagokion zinegotzi postua baliatu zuen udal gobernuak herriarentzat kaltegarria izango den bozketa garrantzitsu bat aurrera eramateko, eta horrez gain, 9.000tik gora herritarrek emandako sinaduraren kontra, hitzarmen horren ondorioz zarama biltzeagatik kobratzen duen udal tasa %86an igoko du eta Getxoko hiri hondakinak Zabalgarbiko erraustegira eramateko bidea ireki du.

Beste behin, Ezker Batua eskumaren politika bultzatzen ari da. Pasa den urteko martxoan hondakinen errausteari ezezko botoa eman bazion ere, oraingoan baiezkoa eman dio Getxoko hiri hondakinak errausketa lehenesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan uzteari. Bigarren erraustegi bat eraikitzea aurreikusten duen foru erakundearen planak ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik hiri hondakin solidoak tratatzeko eredu jasangaitza proposatzen du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun