Astearte honetan bertan, otsailak 7, elkarretaratzeak egongo dira Erandion, Leioa, Itzubaltzeta / Erromo, Algorta, Sopela, Urduliz, Lemoiz eta Plentzian, 20:00etatik aurrera, ohiko lekuetan. Asteazkenean, berriz, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak hartuko du hitza, 20:30etik aurrera, Astrabuduako Josu Murueta kultur gunean izango den mintzaldian. Ostiralean, 20:00etan manifestazioa egingo da Algortan, Telletxe plazatik abiatuta; eta ekitaldi politikoa ondoren. Ekitaldiei amaiera emateko, Uribe Kosta eskualde osoa zeharkatuko dute larunbatean, otsailak 11, auto karabana bik.
Hona hemen Uribe Kostako ezker abertzaleak zabaldutako prentsa oharra:
Aste honetan, gure eskualdean –Erandiotik Plentziara–, gatazkaren konponbide demokratikorako alternatiba zabaldu zein babesteko eta; hitzaldi, ekimen eta mobilizazio desberdinen bitartez, berau indartu eta defendatzeko ahalegin berezia egingo dugu. Denok dakigun legez, iragan urtetik hona, Batasuna eta ezker abertzalea gure herriak bizi duen gatazka politiko eta armatuaren konponbide demokratikorako alternatiba bat bultzatzen eta planteatzen ari zaio euskal jendarteari: “Orain herria, orain bakea” edo Anoetako ekarpen berritua deritzona.
Alternatiba horretan, Batasunak azterketa zehatza egiten du: Euskal Herriaren estatus politiko desberdinen krisialdiarekin, aldaketa politikoaren garaia heldu dela. Horren harira, ondorio batera heltzen da: orain lehentasuna bakea dela, hots, gatazkaren konponbide demokratikoa.
Eta konponbide horretarako bi oinarri jartzen ditu:
1. Elkarrizketa eta akordioa izan behar dira gatazka konpontzeko oinarriak.
2. Metodologia zehatz bat. Elkarrizketarako eta akordiorako bi mahai:
Lehenengo mahaia
Eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko elkarrizketa mahaia.
- Edukia: Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta, euskal herritarrok, libre eta demokratikoki, edozein egitura politikoren inguruan erabaki ahal izateko eszenatoki berri batera heltzeko adostu beharreko ibilbide politikoa.
- Herri kontsulta: akordio horrek euskal herritarren onespena beharko du.
Sinatzaileek Euskal Herriko mintzakidetza osatuko dute estatu espainiar eta frantziarrarekin, horiek akordioa errespeta dezaten.
Bigarren mahaia
Gatazkaren desmilitarizazioaren; preso, iheslari eta errefuxiatuen aferen; eta aldeanitzeko biktimen inguruan hitz egiteko, ETA eta estatu espainiar eta frantziarraren arteko elkarrizketa mahaia.
Anoetako adierazpen horretatik hona, Batasunak eta ezker abertzaleak, egunez egun, gatazkari irtenbidea emateko prozesua ahalbideratzeko borondate tinkoa eta konpromiso irmoa erakutsi du hitzez zein jarreraz. Hor koka ditzakegu Ibarretxe planaren gaineko bozketa, aurten edozein eragilerekin hitz egiteko prestutasuna, prozesuak jasotako erasoen aurrean izan dugun jarrera… ETAren borondatea ere argi gelditu da: agiriak, ekimenak hautetsiei dagokienez...
Bide honetan aipamen berezi bat egin nahi diogu Nazio Eztabaidagunean parte hartze eta dinamizazioan ezker abertzaleak bete duen rolaren inguruan. Bereziki azpimarratu behar da Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa; Euskal Herri osoko 52 eragileen partehartzea, nazioarteko presentzia eta elkarrizketa eta akordioarako mahaia lortzeko dinamika geldiezina oinarri dituena.
Bitarteko eta baliabide guztiak ipini ditu denbora horretan Batasunak, aipatu alternatiba jendarteratzeko eta berau Euskal Herri osoko herritarrei helarazteko. Dinamika honen barruan aste honetan gure eskualdean, herriz herri horren edukiak plazaratu eta bazter guztietara heltzeko asmoa daukagu.
Azkenik, prozesuaren bidean ipintzen eta ipiniko dituzten eragozpen eta ostopoez konsziente garenez, badakigu Euskal Herriaren partehartzeak eta haren borondatea erakusteak aurrera eramango gaituela bakarrik konponbide demokratikoaren prozesuan. Horregatik egun hauetako leloa propaganda, manifestazio, konzentrazio eta mobilizazioetan hauxe izango da: "Euskal herritarren erabakia errespetatu!".