"Etxe horiek guztiak Seveso Europako araudiaren –horrelako jarduerak dituzten enpresek bete behar dituzten segurtasun-neurriak ezartzen ditu– baitan daude, Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera. Eremu arriskutsu bakoitzerako, Kanpo Larrialdietarako Plan berezia prestatu du Eusko Jaurlaritzak, "enpresa horien kanpoaldean eragina izango lukeen ezbeharra izanez gero, egoerari aurre egiteko". Ekintza plan horren baitan, inguruko biztanleak arrisku kimikoari buruz ohartarazteko plana dago eta hirugarrenez jarriko dute abian. Aurreko informazio-ekintzak 1997an eta 2000an egin zituzten.
Etxez etxe
Atzo hasi ziren Komunikazio Plana garatzen, eta informazio-liburuxkak bidaliko dituzte etxez etxe. Horietan, biztanleengandik gertu zer-nolako jarduera kimikoa egiten den eta istripua izatekotan zer neurri hartu behar diren azaltzen da, Lakuako iturrien arabera. Larrialdiaren berri sirena-hotsez –oraingoz Muskizen, Abanto-Zierbenan, Zierbenan eta Lantaronen soilik–, poliziak megafoniaz eta agintariek irratietan eta telebistetan igorritako mezuen bidez emango da. "Tankera honetako ezbehar baten aurrean, leku itxi batean babestea eta hedabideen informazioa kontuan izatea dira aholku behinenak", jakinarazi dutenez. Gainerako gomendioak informazio-liburuxkan zehaztu dituzte. Informazio-orri bakoitza ezberdina da, inguru bakoitzean egiten den jarduera industrialaren arabera.
Planaren bigarren urratsean, hitzaldi-sorta bat eskainiko diete udaletxeetako, ikastetxeetako langileei eta auzo-elkarteetako kideei. Dena den, edozeinek har dezake parte deialdietan. Horietako bakoitzean, DVDak banatuko dituzte, informazio guztia sei minutuko ikus-entzunezko grabaketa batean bildu baitute. Hitzaldiak osatzeko, egitasmoak helburu dituen herrietan informazioa eskainiko dute, hirigunez hirigune joango den ikasgela higikor baten bitartez. Zeregin horretarako, argibide-panelak eta bestelako hezkuntza-materiala izango dituen mikrobus bat prestatu dute. Ibilgailuan, gainera, langile adituak izango dira, herritarren zalantzak argitzeko eta informazioa emateko.
Iritzi-inkesta
Larrialdiei Aurregiteko Komunikazio Plana prestatzeko, inkesta egin diote arrisku kimikoan dauden herrietako 70 mila biztanleetako bi milari. Horren bidez, bizilagunen %75ek inguruan industria kimikoak dituztela badakitela ondorioztatu zuten. Hala ere, %36k baino ez daki larrialdi kimiko baten aurrean zer egin. Portzentajea %74 arte handitu zen Muskizen eta Lantaronen; hain zuzen, iaz soinu bidezko alarmak ezarri zituen Herrizaingo Sailak, eta atzo aurkeztutako Komunikazio Planaren antzeko bat abiatu zuen leku horietan. Azkenik, azpimarratzekoa da biztanleen %70 hitzaldiotan parte hartzeko prest agertu dela. Planaren arduradunen iritziz, "herritarrak halako hedapen-programen alde daudela erakusten du datu horrek".
Larrialdi kimiko baten aurrean bete beharreko jarraibideak:
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak "herritarrak heztea" du helburu, Arrisku Kimikoari buruzko Komunikazio Planaren bidez, larrialdi kimiko baten aurrean babes-neurriak har ditzaten. Horrela, larrialdi alarma entzutean, biztanleek leku itxi batean sartu behar dute, eta oinarrizko aholku batzuk bete behar dituzte:
- Ateak eta leihoak erabat itxi (pertsianak ere, ahal den heinean) eta haietatik urrundu. Beharrezkoa bada, zirrikituetan trapu bustiak jarri.
- Irratia entzun eta telebista ikusi, agintarien aholkuen zain.
- Ez erabili aireztapen sistemarik.
- Kalean egotekotan, arnas-aparatua babestu eta leku itxi batean sartu.
- Ez erre eta ez piztu inolako surik.
- Ez erabili telefonoa, baldin eta behar-beharrezkoa ez bada.
- Ez joan eskolara seme-alaben bila; irakasleek argibide zehatzak dituzte.
- Ez irten kalera, agintariek larrialdia bukatu dela esan arte.