Mugarik Gabe elkarteak proiektua martxan jartzea lortu du Guatemalako San Miguel Tucuru herrian, baserri zonaldeko emakume gazte indigenei ikasketa aurreratuak jasotzeko aukerak errazteko asmoz. Aurtengo dirulaguntza Magisteritza eta Erizaintza ikasketak burutuko dituzten zazpi emakumeei zuzenduta dago. Bestalde, Sopelako Udalak Adeco elkarteko Jose Maria Lopez Arostegui medikuak aurrera eramaten ari den egitasmoari laguntza eman dio berriro ere. Sendagilea Panamako Ngöbe eskualde indigenan lanean dihardu, orain dela hamalau urtetik hona. Gaur egun garatzen ari den proiektua ohiko medikuntza indigenaren antolaketa eta garapenaren gainekoa da, udal sopeloztarretik adierazi dutenez. "Lursailen kontzentraziorako eta laborantza tekniken berrikuntzarako izango da dirulaguntza. Horrek izurriteen aurrean indartsuagoak diren landareak lortzea eta sendatzeko printzipio aktiboen kalitatea hobetzea ahalbidetzen du", azaldu dutenez.
Sahararen aldeko II. Euskal Karabana
Datorren otsailaren 11n Bilboko Botika Zaharretik aterako da II. Euskal Karabana. Bertan, 40 ibilgailu baino gehiagok ekingo dio bideari Alacanteraino (Herrialde Katalanak), gero ferryan Oranera (Aljeria) eta handik basamortutik Tinduferaino (Aljeria). Lehenago Botika Zaharrean jaialditxoa egingo da, goizez, eta bertan ikusgai egongo dira 40 ibilgailu horiek goizeko 11etatik aurrera. Nuyum elkartearen eskutik, aipatu egunera arte batuko dira azukrea, atuna eta konpresak. Produktuak udaletxera eta hezkuntza zentroetara eraman daitezke.