Astelehen honetan ekin dio Berangoko Udalak txakurren jabeek euren aberreen gorotzak batu ditzaten kontzientziatu eta sustatzeko ekimena. "Hazlo por el, hazlo por todos" (beragatik egizu, denongatik egizu) lelopean, paperontziak eta kanpainaren berri emateko kartelak kokatzea aurreikusten dute, Miren Dobaran alkateak azaldutakoaren arabera. Horrekin batera, txakur-gorotzak batzeko 8.000 poltsa eta etxetara helduki diren 2.500 eskuorri banatuko dituzte dohainik. Dobaranen ustez, arazoa "errespetuan datza nagusiki". "Eskubideez gain, betebeharrak ere badituztela jakin behar dute txakurren jabeek, biztanlegoaren zati handi bat gorotzen usain txarra eta zikinkeriaz kexatzen baitira", dio udal agintariak. Era berean, gorotzak "ez dira bakarrik espaloi eta kaleetan geratzen, berdeguneetan eta umeak jolasten duten lekuetan ere badaude, horrek dakarren osasun eta higiene arriskuarekin", oharatarazi du. Argazkia: Sarean.com.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!