Otsailaren 23an, osteguna, goizean goizetik tailerrak egongo dira San Nikolas plazan. Eguerdi partean, berriz, bazkaria izango dute Gorrondatxe herriko tabernan. Eta azkenik, arratsaldean, kalejira egingo dute 20:00etatik aurrera, eztabaida eta jokoen ondoren. Algortako Segik "egun horretako ekimenetan parte hartu eta borrokari lotzeko" dei egin dio herriko gazte orori. "Guztiok batera borrokatzen badugu independentzia eskuratuko dugu", gazte erakundeko kideen hitzetan.
Jarraian, Algortako Segi gazte erakundeak zabaldutako prentsa oharra:
Ikasturte honen hasieratik ugariak izan dira Segi gazte erakundeak antolatu dituen ekimen zein mobilizazioak aurten martxan jarri den kanpaina berriaren inguruan. "Borrokaz aske bizi...independentzia!" iazko irailetik hona hamaika alditan entzun dugun leloa dugu; gure herriko hormetan, ikastetxeetan, gaztetxean eta abarretan ikusi ditugu kartelak, pankartak eta pintadak borrokara deituz, independentzia lortzeko.
Era berean, azkeneko hilabete hauetan mobilizazio ugari antolatu dira Euskal Herriko hiri eta herrietan, kanpaina honek gazteon artean duen babesa kalean adierazteko. Azpimarratzekoa da, pasa den urrian "Kalean aske biziz... independentzia" lelopean egin zen kalejira nazionala, non milaka gaztek Iruñeko kaleak independentziaren aldeko oihuez bete genituen.
Segitik independentzia aldarrikatzen dugunean, bere zentzu zabalean egiten dugu. Euskal Herria libre izateko esparru guztietan izan beharko du; eta, aldi berean, euskal herritar guztiok libreak izan beharko dugu bizitzako esparru orotan. Independentzia behar dugu nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko; independentzia Abiadura Handiko Trena (AHT), Supersur eta horrelako proiektu txikitzaileei ezetz esateko; independentzia sexuen arteko parekidetasuna praktikara eramateko; independentzia autogestioaz gaztetxeak sortzeko; independentzia lanean behin-behinekotasuna suntsitzeko; independentzia hezkuntza sistema propioa osatzeko... Azken finean, independentzia aske bizitzeko.
Baina, gaur egun gure herria zapaltzen duten bi estatuek ez digute ezer oparituko. Argi daukagu bi estatu kapitalista eta inperialista hauek euren sistema prekario, patriarkal eta errepresiboa mantentzeko beraien esku dauden tresna errepresibo guztiak erabiliko dituztela. Drogak, kontsumismoa, hedabideak eta inposaturiko hezkuntza sisteman dira, besteak beste, gazteon aurka erabiltzen dituzten menpekotasun mekanismoak.
Gure txanda
Orain, gure txanda da. Irailetik hona independentziaren aldeko aldarriak bota ditugu. Badakigu aske bizitzeko daukagun aukera bakarra independentzia dela, baita independentzia lortzeko borroka dugula bide bakarra ere. Orain, borroka honen beste fase batean murgilduko gara. Orain, euskal gazteria erasotzen eta kolpatzen duten eragileek gorriak ikusiko dituzte. Hedabide manipulatzaileak, higiezinen enpresa espekulatzaileak, enpresa esplotatzaileak eta gazteon egoera larriaren erantzule diren eragile guztiak markatuko ditugu. Errepresioak ez gaituela geldituko erakutsiko dugu berriro.
Horretarako, otsailaren 23an, Euskal Herrian deituta dagoen mobilizazio eguna inflexio-puntu modura erabiliko dugu. Egun horretan, benetan indarrak batzen ari garela ikusiko dugu, hau da, gero eta gazte gehiago borrokari lotzen ari dela; eta kanpainaren fase berriari hasiera emango diogu. Egun horretarako, Euskal Herriko gainontzeko herrietan bezala, Algortan ere ekimen ugari antolatu ditugu:
- Goizean: tailerrak, Txiki-Otaegi enparantzan.
- Eguerdian: bazkaria, Gorrondatxe herriko tabernan.
- Arratsaldean: eztabaidak, jokoak, eta 20:00etatik aurrera kalejira.
Hemendik, Algortako gazte orori dei egiten diogu otsailaren 23ko ekimenetan parte hartu eta borrokari lotzeko. Guztiok batera borrokatzen badugu independentzia eskuratuko dugu.
Antolakuntza eta borroka!