Algortako gaztelekua zelan egin galdetzeko 19.000 euro gastatuko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 9a, 18:32

Getxoko Udaleko Gobernu Batzordeak 19.000 bat eurotan esleitu dio enpresa bati Algortan egin asmo duten gaztelekuak zelakoa izan behar duen zehazteko herritarren artean inkestak eta kontsultak egiteko eta laguntzeko zerbitzua. Gaztelekua Urgull kalean dagoen udal eraikinaren zati batean egingo da herriko gazteentzako. Inkesta eta elkarrizketen bidez, gaztelekuaren gela banaketa, lekuaren izena, jarduera arauak, egutegia, ordutegia eta bestelako gauzetan bere iritzia eman ahal izango dute gaztetxoek, gurasoek, ikastetxeetako arduradunek eta gazteekin harremanak eta lan egiten duten gainontzeko taldeek.

Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak defendatu du enpresa bat horretarako kontratatu izana: “herritarrek parte hartzea nahi dugu eta horretarako kanpoko enpresa bat kontratatu dugu Udalaren eta aipatutako taldeen artean izango ditugun hartu-emanak dinamizatu aldera”.

Gaztelekua eta Nagusien etxea elkarrekin

Gaztelekuaren inguruko inkestak egiteko epea 5 hilabetekoa izango da eta, horrez gain, laster batean etxe osoaren zaharberritze lanak hasiko dira, kanpo aldean fatxada eta teilatua konpontzeko, eta barru aldean gaztelekuarekin batera eraikina partekatuko duten beste zerbitzu batzuk atontzeko: besteak beste, andreentzako tokia eta Nagusien Etxea.

Bestalde, gaztelekua ez da izan Udalak esku pribatuetan utzi duen gazteriarako zerbitzu bakarra. Izan ere, aste honetan bertan esleitu dute Gazteria Udal Zerbitzuaren komunikazio eta publizitaterako laguntza. Zarraoaren arabera, “zerbitzu honek abiatutako ekintzen berri ematerakoan laguntzea du helburu, eskatzen zaizkien ekitaldiak ezagutu eta horiek eskatzen dituzten gazteak gero eta gehiago izan daitezen”. Enpresak laguntza emango dio Udalari unean uneko eta gazteen adinaren arabera zer nolako kanpaina antolatu eta zer diseinua, euskarriak, eta abar erabili behar dituen jakiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun