Algortako gazteek lokal autogestionatua nahi dutela gogoratu du AGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 9a, 19:14

Algortako Gazte Asanbladak Algortako gaztelekuari eta Getxoko Udalak bultzatutako ekimen horren lehenengo urratsei buruzko behin-behineko balorazioa egin du. AGAren ustez, zalantzazkoa da gaztelekuak herriko gazteriaren beharrak asetuko dituenik pentsatzea, alde batetik adinez gune mugatua delako 12 eta 17 urte bitartekoa, eta beste aldetik funtzionamendua ez delako utziko gazteen eskuetan. Gainera, Algortako Gazte Asanbladak bere kezka agertu du proiektuaren hasieran jada milaka euro enpresen eskuetara bideratzeagatik eta "arriskutsutzat" jo du enpresek izan dezaketen papera. Horren guztiaren aurrean gazteentzako lokal autogestionatuak aldarrikatu ditu AGAk. Argazkian, Mentxakabarri gaztetxea okupatu baino lehen AGAk egindako "gaztetxea eraiki" kanpainaren irudi bat.

AGAren ustez, "goizegi da balorazio bat egiteko, momentuz proiektuaren zati bat bakarrik azaldu baitute. Baina egia esan, gure zalantzak dauzkagu gaztelekuak herriko gazteriaren beharrak asetuko dituen. Hasteko, 12 eta 17 urteko gazteentzat bideratua egongo da, eta badirudi 17 urtetik gorako gazteok ez garela beraien interes, nahiz eta gu lokal baten beharra aspalditik adierazi dugun".

"Ez dute ulertu"

Bestalde, "lokalaren diseinua, zer jarduerak, kokapena... jakiteko" 19.000 bat euroko aurrekontua egotea, "gainera enpresa pribatu baten eskuetan utziko duelarik galdeketa" txartzat jo du Algortako Gazte Asanbladak: "arriskutsu ikusten dugu enpresen eskuhartzea, (bai galdeketa proiektuan eta are gehiago lokalaren funtzionamenduan enpresa batek hartuko balu gestioaren ardura) denok baitakigu hauen eta hauek kontratatzen dituzten politikoek askotan beraien interesak gainjartzen dituztela, herriko jendearen onerako jokatu beharrean".

Amaitzeko, AGAk nabarmendu du "badirudiela ez dutela ulertu nahi gure proiektuaren oinarria gazteok autogestionatutako lokal bat dela, instituzio ofizialen inolako inposaketa edo eskuhartze ideologiko nahiz ekonomiko barik, gazteon autogestioak bai zabalduko lukeelako beraiek dioten gazteok behar dugun gazte informazioa, aisialdirako eskaintza, gazteon emantzipazioaren bultzapena eta partaidetzaren sustapena".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun