Gaur arratsaldeko 20:00etarako Algortan "Orain herria. Orain bakea" Uribe Kostako ezker abertzaleak deitutako manifestazioa Batasunako ekintza bat dela ziurtatu du Carlos Urquijok egindako galdera idatzian. Popularraren aburuz, atzo bertan "Gara" egunkariak bere 20. orrialdean kaleratutako iragarkiak frogatzen du "ilegalizatutako Batasuna" dela manifestazioaren arduraduna. Hori dela eta Javier Balzari galdetu dio ea Herrizaingo Sailari manifestazioaren berri eman zaion eta kasu horretan erakundeak martxa debekatu duen edo "bere ardurari muzin egingo dion manifestazioaren deitzaileen lege iruzurra baimenduz?". Era berean, Urquijok Ertzaintzak manifestazioa ez burutzeko jardungo duen galdetzen dio eta azkenean burutzen bada ertzainen jarduera zein izan den galdetu du, batez ere deitzaileak identifikatuak izan diren eta informazio hori Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali den jakiteko.
Arnaldo Otegik herenegun Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean emandako hitzaldiaren inguruan, Urquijok Balzari gogoratu dio urtarrilaren 17an Grande Marlaska epaileak debekatu zuela "Batasunaren jarduera publiko, pribatu zein instituzional oro". Horregatik eta kontuan hartuta hitzaldia burutu zela eta horren lekukotasun grafikoa badela, sailburuari galdetu dio zergatik ez zuen jarduera oztopatu eta zer neurriak hartuko dituen etorkizunean "Orain herria. Orain bakea" proposamena udalerri gehiagotan ez zabaltzeko.
Larunbateko "torturaren eta Auzitegi Nazionalaren kontrako manifestazioa" ere izan du hizpide Carlos Urquijo legebiltzarrak. Kasu honetan, Algortako martxarekin bezala jotzeko eskatu dio Balzari.
Azkenik, Carlos Urquijok egindako adierazpenetan Javier Balza sailburuari "ezker abertzalean kokatutako erakundeak zein ETAren beso politikoa burutzen ari diren jarduera biziaren aurrean inhibizio jarrera izatea" egotzi dio.
Galdera parlamentarioak irakurtzeko:
Algortan otsailaren 10ean ilegalizatutako Batasunak deitutako manifestazioaren inguruan Herrizaingo sailburuari egindako galdera (pdf) (2006 Ots 09)
Otsailaren 11n Donostian ilegalizatutako Askatasunak deitutako manifestazioaren inguruan Herrizaingo sailburuari egindako galdera (pdf) (2006 Ots 09)
Atzo otsailaren 8an Astrabuduako kultur etxean ilegalizatutako Batasunak antolatutako hitzaldiaren inguruan Herrizaingo sailburuari egindako galdera (pdf) (2006 Ots 09)
Gaiaren inguruko berriak:
Torturaren kontrako manifestaziorako autobusean izena emateko azken eguna da gaur (2006 Ots 09)
Gatazkaren konponbidean "guztion parte-hartzea beharrezkoa" dela aldarrikatuko dute astean zehar Uribe Kosta osoan (2006 Ots 06)