Leioztar bat atxilotu dute Areetan, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 10a, 21:26

Getxo udalerriko ertzain-etxeko agenteek J.L.L.B. Leioako 46 urteko bizilaguna atxilotu zuten atzo goizean, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Jazarpena asteazkenean izan zen Areetan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. Ustezko erasotzaileak emakumezkoa harrapatu zuen, azken hau etxebizitza bateko atezain automatikoa jotzera zihoanean, eta ukituak egin zizkion genitaletan. Erasoa gertatu eta ordu laurden lehenago topo egin zuen leioztarrarekin ertzain batek eta, behin, biktimaren deklarazioa entzunda erasotzailea gizon hori zela konturatu eta hurrengo egunean atzeman zuen, ikusi zuen toki berean, polizia agenteak.

Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, otsailaren 8an (asteazkena) izan zen gertaera Areetako Pinueta kalean. Goizeko zortziak aldera, laneguna hastekotan zen emakumea eta, etxebizitza bateko atezain automatikoa jotzera zihoanean, atzetik hurreratu zitzaion erasotzailea. Aurrean zuela, zein solairutara zihoan galdetu zion gizonezkoari eta horrek, bat-batean, hormaren kontra bultzatu, ezkerreko eskua haren bularrean jarri eta eskuineko eskuarekin ukituak egin zizkion genitaletan, arroparen gainetik, polizia iturriek adierazi dutenez. Ondoren, biktimak erasotzailea bultzatu eta alde egin zuen korrika; hasieran, gizonezkoak atzetik jarraitu zion, baina, emakumearen oihuak entzunda, ihes egin zuen.

Toki berean

Ordubete geroago, Ertzaintzaren egoitzan salatu zuen gertatutakoa biktimak eta erasotzailearen deskribapena eman zuen. Azalpena entzunda, deklarazioa hartzen zegoen agenteak ezaugarri fisiko horiek zituen gizonezko batekin gurutzatu zela gogoratu zuen. Gainera, emakumeak azaldutako arropa bera zeraman horrek, Areetako Zugatzarte etorbidean "footing-a" egiten ari zela. Hortaz, sexu-erasoa egin baino 15 minutu lehenago ikusi zuen ertzainak erasotzailea, azken hau jazarpena izan zen lekurantz korrika zihoala.

Atzo 7:45etan ere Zugatzarte etorbidean zegoen ertzain hori, eta aurreko egunean ikusi zuen gizon bera –beste txandal baten jaka soinean zuela– ikusi zuen asteazkeneko noranzko berean korrika zihoala, hau da, Pinueta kalerantz. Polizia agenteak hura atxilotu egin zuen, sexu-eraso bat egin zuelakoan. Biktimak J.L.L.B. Leioako 46 urteko bizilaguna identifikatu eta gertakarien egiletzat jo zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun