Euskal Herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute 300 herritarrek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 10a, 23:34

Astelehenean Uribe Kostako ezker abertzaleak "Euskal herritarren erabakia errespetatu" lelopean gaurko deitutako manifestazioak 302 pertsonen babesa jaso du Algortako kaleetan. Carlos Urquijo Alderdi Popularreko legebiltzarkideak galdera parlamentario baten bidez manifestazio hori Batasunari egotzi eta Balzari manifestazioaren balizko debeku bati buruz galdetu badio ere, manifestazioa oztoporik gabe egin da. Era berean, ez da ertzainik ikusi manifestazioaren inguruetan ezta ekitaldi politikoa garatu den plazan ere. Manifestazioaren antolatzaileek, berriz, Txiki ta Otaegi plazan bertan bildutakoei eskertu diete "eskenatoki demokratiko batera hurbildu" izana eta gogoratu diete azken egunotan "betiko faxistek" jarritako oztopoak, Usurbileko herriko taberna ixteko Grande-Marlaska epailearen aginduari zein gaurko manifestazioa debekatzeko Carlos Urquijoren "saiakerari" erreferentzia eginez. Bestalde, Uribe Kostako ezker abertzaleak Anoetako belodromoko proposamenari dion atxikimendua berriztu du konpromiso berri batekin: "Anoetako Proposamena ezagupen zabalena izan dezan". Konpromiso hori "Orain herria. Orain bakea" lelotik "Orain batera! Orain aurrera!" lelora jausi eginez irudikatu dute.

Manifestazioa iluntzeko 20:15ean irten da Telletxetik "Batasuna aurrera" oihuen artean. Dena den, ibilbidean zehar gehien entzun diren leloak "Demokrazia Euskal Herriarentzat", "Herriaren hitza errespetatu" eta "Euskal presoak etxera" izan dira. Algortako batzokiaren aurretik igarotzean, berriz, "PNV, Espainiaren morroi" oihukatu dute manifestazioan bildutako ehunaka lagunek.

Ekitaldi poltikoa 20:50ak aldera hasi da, manifestazioa Txiki ta Otaegi plazara heldu denean. Txalaparta doinuen ostean antolatzaileek Euskal Herriko gatazka gainditzeko proposamen "sinple bezain sakona" egin diete bildutakoei "herriak erabaki dezala". Horrezkero, presoak ekartzeko eta herriaren hitza errespetatzeko eskatu du bertsolariak.

Anoetako ekarpenetik 15 hilabete

Antolatzaileek, berriz, azpimarratu dute azken bi urteotan ezker abertzaleak egin duen lana, ilegalizatuak izatetik egoera politikoa baldintzatzera eraman diena. Uribe Kostako ezker abertzaleko bi kidek hartu dute hitza eta gogora ekarri dituzte orain dela 15 hilabete Anoetako belodromean aurkeztutako proposamena eta bere edukiak. Era berean gogoratu dituzte handik hona ezker abertzaleak egindako jarduerak: "Ibarretxe planaren bozketa, erakunde armatuaren hautetsien inguruko ekimena edota eraso faxistei erantzuteko modu sendo eta zabala".

Horren aurrean Espainia eta Frantziako gobernuek "ez dute behar den maila erakutsi" Uribe Kostako ezker abertzalearen hizlarien arabera. Eta zuzenean PSOEri egotzi diote ez duela gaitasun nahikorik erakutsi Espainiako faxistei aurre egiteko". Horregatik "keinu eta adierazpen baikorrez" gain "urrats ausartagoak" eskatu diote Madrilgo Gobernuari. Gainera, balantze gazi-gozo horretan kokatu dute "presoen dispertsioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketa" mantentzen direla eta "zenbait kasutan, indar gehiagoz erabiltzen ari direla".

Konpromisoa

Baina ezker abertzalea ez da zuzendu soilik Madrilera. Bilboko Sabin Etxera ere begira, EAJk egoera berri bati beldurra diola esan dute. Horren arabera, jelkideek "estatutu akordio berria eta autonomia kudeatzeko negozia" lehenetsiko lituzkete.

Baina, garrantzitsuena etorkizuna lantzea delakoan, askatasuna bermatzeko "inoiz ez bezala guztion lana eta presioa" erabiltzera deitu dute. Horren adibidetzat jo dute Uribe Kostan aste honetan ezker abertzaleak berak hartutako konpromisoa" Anoetako proposamena ezagupen zabalena izan dezan". Lan horri norberaren lana gehitzea eskatu dute "tantaz tanta askatasunaren aldeko uholde geldiezina sortuko duena".

"Irabazteko arriskatu behar da"

Uribe Kostako ezker abertzalearen iritziz, "ez da nahikoa proposamen erakargarria eta demokratikoa egitea" edo "argi ta garbi egi borobilak esaten dituzten bozeramaileak izatea", eta "akordioa mugimendu" bihurtzeko eta gizarteratzeko apostua bota dute: "irabazteko, lan egin, arriskatu eta beharrari eutsi egin behar zaio, beste batuek atzo egin zuten eta gaur egun ere gatazka politikoaren lehenengo lerrotik, kartzelatik, erbestetik egiten jarraitzen duten bezala".

Gauzak horrela, eta "irtenbide demokratikoari estatuek eta autonomistek ipintzen dizkioten trabak bertan behera uzteko eta gainditzeko" batera lan egiteko deia egin du Uribe Kostako ezker abertzaleak. Lan horretarako hainbat helburu demokratiko zerrendatu dituzte: erabakitze eskubidea bermatzea; euskal herritar guztiek parte hartu ahal izatea, euskal preso politikoak barne eta Euskal Herriak erabakitzea eta bere hitza errespetatua izatea.

"Orain batera! Orain aurrera!"

Mezu guztia horrela laburtu dute: "2004ko azaroaren 14an, Donostiako Anoetan, ukabilak gora eta bihotzak taupada bizian 'Orain herria. Orain bakea' aldarrikapena lau haizetara zabaldu genuen. Gaur, 2006ko otsailaren 10ean, Bizkaiko Uribe Kostan irabazteke dugun geroari aurrez aurre so eginez hauxe diogu: orain batera! Orain aurrera!".

Gaiaren inguruko berriak:

Gasteizko legebiltzarrean ustez Batasunak eta Askatasunak egunotan Algortan, Astrabuduan eta Donostian egiten dituzten jardueren informazioa eskatu du PPk

Gatazkaren konponbidean "guztion parte-hartzea beharrezkoa" dela aldarrikatuko dute astean zehar Uribe Kosta osoan (2006 Ots 06)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun