Torturaren aurkako zazpi elkarretaratze izango dira gaur iluntzean Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 13a, 19:08

Joxe Arregi Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, otsailak 13an, hilik atera zuten institutu militarreko kaserna batetik. Astelehen honetan betetzen dira 25 urte gertaera hartatik, eta Askatasunak hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko manifestazioa burutu zuen larunbatean Donostian. Gaur bertan, "torturatu guztiak gogoan izanik eta tortura desagertzeko exijituz", Baionan elkarretaratze bat egingo da 18:30ean, Herriko Etxe aintzinean. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere kontzentrazioak izango dira, Torturaren Aurkako Eguna dela eta. Uribe Kosta eskualdean, Erandioko metro geltoki parean, Leioako Boulevardean, Areetako Xake plazan, Algortako Telletxen, Berangoko Gudari enparantzan, Sopelako udaletxe aurrean eta Urdulizko BBVAren aurrean dira hitzorduak, iluntzeko 8etan.

Askatasunak zabaldutako prentsa-oharraren arabera, "gertaera latz hau gertatu zenetik –Joxe Arregi gogoan– milaka euskal herritar jarraitu dituzte atxilotzen, inkomunikatzen eta mota guztietako polizien komisaldegietan (Guardia Zibila, Espainiako polizia, Ertzaintza...) torturatuak izan dira".

Hain zuzen ere, "gerra-praktikatzat" jotzen du tortura errepresioaren aurkako erakundeak. Euren hitzetan, "pertsonak txikitu, akusazio polizialak osatu, sumarioak zabaldu eta, azkenik, herritarrak zigortu atxilotuen aurkako tratu txarren eta torturen helburuak dira ere. Hori dela eta, tortura, aspalditik, gerra-praktika dela salatzen dugu. Tortura gerra praktika izanez tortura salaketa gehienak ez dira aztertuak izan eta artxibatuak izan dira edota larriagoa dena eta egun hauetan ikusi duguna Unai Romanoren kasuan salaketa bere aurka bihurtu dute".

Manifestua

Guzti hau salatzeko eta eragile ezberdinei konpromezu zehatzak eskatzeko, torturatuak izan diren hainbat euskal herritar manifestu bat osatu dute, "praktika latz honekin amaitzeko eta tortura babesteko sortu dituzten instrumentu guztiak desagertzeko, Espainiako Auzitegi Nazionala barne".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun