Behin berrerabiliak izan daitezkeen tresnak egon daitezkeen etxeak aukeratuta, jabeekin hitzordua zehaztu eta horiek jaso egingo dituzte, Rezikleta establezimenduetara eraman edo gizarte eta ongintza erakundeei emateko. Jasotako hondakinen %2 berrerabiltzea aurrikusten du Leioako Udalak. Tresnen %78 birziklatu eta bertatik lehengaiak ateratzeko erabiliko dira, horretarako dauden instalazioetara eramanez. Azkenik, tamaina handiko hondakinen %20a baino ez da zabortegian bukatuko, udal iturriek adierazitakoaren arabera.
Leioako udal agintarien hitzetan, lehenik eta behin, handiagoak izango dira berreskuratutako gaien kopuruak: "%75 tamaina handiko hondakinetan, %93 ehun-gaietan eta %100 paperean". Horren harira, "gaiak berreskuratzearen garrantziaz ohartuko dira leioztarrak". Bestalde, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua "nabarmen" hobetuko da, "etxez etxeko bilketa eta arreta pertsonalizatuaren bitartez". "Lanpostuak ere sortuko dira eta horiek eskuratzeko aukera emango zaie laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboei", gaineratu dutenez. Azkenik, "isurtzeagatik jarritako tasak aurrestu eta diru-irabaziak egongo dira, bigarren eskuko dendetan berrerabilitako eta lehengaiak ateratzeko birziklatutako tresnen bitartez".
Paper-edukiontzi berriak
Bestalde, egun dauden paper eta kartoirako edukiontziak kendu eta berriak jartzen hasiko dira, aste honetan hasi eta hilabetea bukatu bitartean. Horiek "erosoagoak eta handiagoak" izango direla adierazi dute udal agintariek. Zarama botatzekoen antzekoak diren edukiontzietan, albotik bota ahal izango dira kartoi eta paper hondarrak; 25 metro kuboko edukiera du bakoitzak. "Ontzia zabalago eta erosoagoa izango da; kutxak ez dira tolestu behar izango", zehaztu dutenez. Behar bezala egokitutako ibilgailuek batuko dituzte astean hiru egunetan –astelehen, asteazken eta ostiraletan– hondakinak, 6:00etatik 13:00etara bitartean. Urtean 84.111,34 euroko kostua izango du.