"Getxoko udal gobernua Getxo Bizia herri plataformarekiko mantentzen ari den apartheid zorrotzaren ondorioz" hitzarmenaren zehaztasunak ezagutu gabe bada ere, udal batzarrean bertan eta prentsan argitara eman diren datuetan eta hiri hondakinen tratamendurako berriki onetsitako aldundiaren planaren xehetasunetan oinarritu da ezker abertzaleko plataforma udal eta foru erakundearen arteko hitzarmenaren balorazioa egiteko. Horri helduz, "Bizkaiko Foru Aldundiarekiko hiri hondakin solidoei buruzko hitzarmena ez sinatzeko; hondakin hauek erraustera bidali ordez, murrizte, berrerabiltze eta birziklapenaren areagotzean oinarritzen den irtenbide osoa garatzeko udal plangintza egiteko; eta zarama bilketako tasaren %86ko igoera ezartzen duen B tarifa ez kobratzeko eskatu du Getxo Biziak.
Pintxo bi eta baxoerdi bi
Gainontzeko alderdiei dagokionez, PPk hitzarmenaren aurka bozkatu zuen pasa den urtarrilaren 27ko osoko bilkuran, euren ustez, sastarren gaineko tasa %90 igoko delako. Udal Gobernuak ukatu egin zuen popularrek esandakoa, familia batentzat hilean 800 pezeta gehiago baino ez zirela izango argudiatuz: "pintxo bi eta baxoerdi bi" adina diru, Andres Uriarteren Hirigintza zinegotziaren esanetan. Diru hori ordaindu ezingo lukeen familiaren bat balego Udalak berak emango liokeela gaineratu zuen. Gobernu taldearen iritziz, "hitzarmenak irtenbide egokia ematen dio hiri hondakinen arazoari Getxo udalerrian".
Zaramaren gaineko tasaren igoera merkatarientzat are handiagoa izango zela tamaldu zuen Eduardo Andrade Getxoko PPko zinegotziak, onartutako hitzarmenak "galdera asko erantzun barik" uzten duela aipatu baino lehen. Finean, sastarrak azkenean erre egingo dituztela uste dute popularrek eta iritzi berekoa da PSE-EE alderdia. Hala ere, Uriarteri "bost axola herritik aterata zaborrarekin egiten dutena". Luis Almansa tokiko sozialisten buruak "arduragabekeriaz jokatzea" egotzi zion udal gobernuari, haren esanetan, "zortzi hilabete igaro direlako Zabalgarbiren proposamena baztertu zenetik eta ordutik hona ez delako lehiaketa publiko berririk deitu".
Ezker Batua pozik
Iñaki Urkiza EB-Berdeetako bozeramaile eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako zinegotziak, bere aldetik, Aldundiarekin sinatutako hitzarmena "ona" dela adierazi zuen. "Irizpide ekologikoak ere jasotzen ditu sastarrekin etorkizunean zer egin behar den jakiteko", argudiatu zuenez, eta konpostajea eta jatorrian hondakinak bereizteko planta aipatu zituen. "Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren –Aldundiarena– aurka egon gaitezke, baina ez hitzarmen honen kontra", gaineratu zuenez.