Albiste agentziek zabaldu dutenez, Gotzon Alcalde sopeloztarra eta Leire Etxebarria basauritarra Parisera eraman zituzten atzo epailearen aurrean deklaratu dezaten. Bestalde, atzo Algortan egin zen manifestazioaren hasieran jakinarazi zenez, bien umea senitartekoak jaso ahal izan zuten hamaika tramite eta itzuli egin ondoren. "Umea jasotzerakoan Leireren ahizpak amarekin egoteko eskatu zuen, eman ziotena pakete bat ez zela argudiatuz. Hartara, berarekin izan zen une batez eta 'ondo' zegoela egiaztatu ahal izan zuen", azaldu zuten Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek. Bien bitartean, Algortan manifestazioak egunero egingo direla adierazi dute, inkomunikatuta jarraitzen duten bitartean.