Portu Zaharra behekaldean plataforma bat egingo da, errepidea bertan dauden etxeetako eta Itxas bide tabernako espaloien parera ipintzeko. Bidean zoru berezia ipiniko dute: "bertan, oinezkoek izango dute lehentasuna eta ibilgailuentzako baimendutako abiadura handiena 10 km/ordukoa izango da", adierazi du Zarraoak. Udal agintariak azaldu duenez, “Portu Zaharreko zabalgunean aparkatzeko leku nahikoa dagoenez, aipatu etxe eta tabernaren aurrealdean dauden aparkalekuak kendu egingo dira, espaloia zabaldu eta tabernari terraza ipintzeko aukera eman ahal izateko”.
Halaber, La Ola jatetxearen parean dagoen bidegorri zatia ataurretik aldenduko dute, "orain artean ondo ondotik igarotzen baitzen bezeroentzako arriskutsuegia izanik". BIdegorriaren eta jatetxeko atearen artean 2 metro zabalerako espaloia jarriko dute. Maria Cristinatik Ereagara jaisteko igogailu aurrean dagoen aparkalekuan ere aldaketak egingo dira: biribilgune txiki bat jarriko dute, autoek itzulbidea errazago egin eta bertoko oinezkoen pasabideak zapal ez ditzaten. Era berean, argiteria eta ur-zikin eta euri-uren hoditeria berrituko dute; baina edateko urarena ere.
Eragozpenak
Lanak aurtengo uztailean hasiko dira ziurrenik eta urte betez luzatuko dira. Hauek amaitu ostean inguruak hartuko duen itxura Ereagako pasealeku osoaren "berdin berdintsua" izango da, Zarraoaren hitzetan, eta lanak egiten diren bitartean neurriak hartuko dira autoen joan-etorriak bideratu aldera, batez ere uda partean. Hala ere, oinezko zein gidariei eragozpenak ekarriko dizkiete obrek, alkateak aitortu zuenez. "Errepide alternatiborik ez dago. Hortaz, bidea zabalik egon beharko da berrikuntza lanak egin bitartean", azaldu zuen. Dena den, oraindik ez dakite arazoa nola konponduko duten.