Gaur Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazitakoaren arabera, "atzo, otsailak 16, Draguignan kartzelan dagoen Grapoko kide baten bidez jakin zen goizeko 8ak aldera atera zutela Urtzi Murueta leioztarra ziegatik eta momentu honetan ez dakigu non aurkitzen den. Erroparik ere ez omen zioten hartzen utzi. Kartzelara deitu zuten gertatutakoa argitzeko eta esan zieten ez dutela informazio hori eman beharrik”. Gero jakin da aldi baterako estradizioa izan dela eta gaur eguerdirako, 14:30ak aldera, eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionalera deklarazioa hartzera. Hori guztia salatzeko, mobilizazioak deitu dituzte Leioan: gaur bertan elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, Boulevardean. Eta astelehenean, otsailak 20, manifestazioa izango da, 20:00etan, Boulevardetik abiatuta.