Getxo udalerriko ertzain-etxeko agenteek hiru lagun –horietatik bi getxoztarrak– atzeman dituzte bahiketa, lesio eta mehatxu delituak leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Biktimak berak emandako testigantzaren arabera, gertakizunak urtarrilaren 11n izan ziren. Hiru gizon hurbildu zitzaizkion Bilboko Kale Nagusiko lantokitik irtetean, furgoneta batean sartzera behartu zuten eta Getxora eraman. Bidean, 18.000 euro eskatu zizkioten, zor ekonomiko bat kita zezan. Biktimak dirurik ez zuenez, familiartekoei eta lagunei deitzera behartu zuten bahitzaileek, eskatzen zioten dirua lortzeko. Leioako gasolindegi batean geratu eta Getxora helduta, lonja batera eraman zuten lehenik, eta itxita zegoen taberna bateko emakumezkoen komunera ondoren. Han, bridak eta biltzeko zinta erabiliz lotu ostean, jo egin zuten eta gorputza gasolinaz busti zioten. Jarraian, bahitzaileak arreta galdu zuten une batean, bahituak ihes egitea erdietsi zuen eta autoeskola bateko bulegoetan babestu zen, Ertzaintza iritsi artean. Argazkia: periodismoglobal.blogspot.com.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!