Otsailak 20, astelehena, eta egunkari barik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 20a, 18:56
"Astelehena da gaur, otsailak 20. Eta ostegun hura datorkigu gogora, duela 3 urte. (...) Zer izan zen hura? Gogoan izango dituzue oraindik, egun, aste, hilabete haietako egun, ordu eta minutu bakoitza. Auzolana, gizartean eta Interneten kendu zigutenaren kontra, asko egin genuen euskal prentsaren alde. Internet ere lekuko ona izan zen". Hausnarketa interesgarria eta beharrezkoa urteurren honetan, Patxi Gaztelumendiren blogean aurkitutakoa eta Sustatuk ezagutzera eman duena: Otsailak 20, astelehena, eta egunkari barik.
Gaur hiru urteko goizaldean itxi zuen Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz "Euskaldunon Egunkaria". Kazeta hura ixteaz gain, hamar lagun atxilotu zituzten, eta bost egun eduki zituzten inkomunikatuta. Haietako hainbatek torturatuak izan zirela salatu zuten. Egun zazpi lagun daude "Egunkaria auzian" auzipetuta, Erandioko seme den Xabier Oleaga tartean. Hiru urte hauetan auzia bertan behera uzteko eskatu dute hainbat erakundek: besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, PPz eta PSOEz beste alderdietako Espainiako Kongresuko eta Senatuko 61 diputatu eta senatariek. Auzitegi Nazionaleko 2. Aretoak hartu behar du erabaki hori.

Nolanahi ere, auzia bertan behera laga dezatela galdegiten duten eskaera zabal hori dagoen arren, Auzitegi Nazionaleko 2. Aretoko Fiskaltzak zazpi auzipetzeak berresteko eskatu du. Xabier Oleagarekin batera, Txema Auzmendi, Xabier Alegria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria dira auziperatuak; legez kanpoko elkartea osatzea leporatzen diete.

Egun gogorra orain hiru urtekoa

Gaur hiru urteko otsailaren 20a gogorra izan zen Euskaldunon Egunkaria egiten zuten guztientzat. Goizaldean abiatu zuen operazioa Guardia Zibilak: hamar lagun atxilotu zituen —zazpi auzipetuez gain Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia—, eta Madrilera eraman zituen inkomunikatuta. Bost egunez eduki zituzten egoera horretan, eta, esate baterako, Pello Zubiria erietxera eraman zuten inkomunikazio aldi horretan.

Inkomunikazio aldiaren ondoren Gomila, Lazkano, Goia eta Otamendi aske utzi zituen epaileak, bermepean. Beste sei lagunak espetxeratzeko agindu zuen, eta piskanaka joan ziren aske geratzen bermeak ordainduta. Garestiena Uriak ordaindu zuen; 450.000 euro abaletan. Eta Egunkaria auziagatik denbora gehiena hark egin behar izan zuen espetxean, ia urte eta erdi. Kalean egon arren aldiro epaitegian aurkeztu behar dute, eta ezin dute Espainiako Estatuaren mugetatik atera.

Gaiaren inguruko berri gehiago:

"Egunkaria", euskaldun bizitzeko erabakimena (Berria, 2006 Ots 19)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun