RTVE-ri eta Egunkariaren itxierari buruzko Eusko Jaurlaritzaren adierazpena
Gobernu Batzordeak Eusko Legebiltzarrak otsailaren 17an onartutako RTVE-ri buruzko adierazpen instituzionala bere egitea onartu du.
Honen barruan, Diputatuen Kongresuan Estatuaren jabegoko irrati eta telebistari buruzko Lege Proiektuaren tramitazioa abian delarik, Eusko Jaurlaritzak RTVEri Euskal Autonomia Erkidegoan duen Lurralde Zentroaren egungo egiturari eutsi diezaiola eskatzen dio, ikus-entzunezko arloan planteatzen ari diren erronkak kontuan harturik
Halaber, Eusko Jaurlaritzak adierazpen eta iritzi askatasuna oinarrizko balio demokratikoak direla defendatu eta informazioa jasotzeko aukera ezberdinak bermatzea beharrezkotzat jotzen du, gizarteari informazioa emateko tresna eta aniztasunaren isla gisa.
Onartutako adierazpenaren ildo berean jarraituz, Eusko Jaurlaritzak, Euskaldunon Egunkariari kalera ateratzea debekatu zioten hirugarren urtea betetzen den egun honetan, orduan gertatutakoa beste behin salatu eta auzibidea bertan behera uztea eskatu nahi du.
Hiru urte pasa ondoren ez dago inongo frogarik hartu ziren erabaki haiek oinarritzeko. Auzibidean ez da ezer berririk lortu akusazioak frogatzeko eta kazetaren debekuaz gain, hainbat lagunen kontrako oinarririk gabeko akusazioa besterik ez dago, egun.
Euskaldunon Egunkariaren auzia inoiz gertatu behar ez zen jokamoldearen adierazpen garbia da. PPren Gobernuak eragindako bultzada politikoa izan zuen oinarrian Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibideak. Hurbileko iragan hartan, Estatuaren aginte guztiak baliatu zituzten Euskadiren kontra eta aginte politikoak, era ez demokratikoan, Aginte Judiziala baldintzatu eta erabili zuen. Gobernuak fiskaltzaren bitartez eragin dezakeen baino indar handiagokoa eta funtsik gabekoa, akusazio hutsetan oinarritua.
Are gehiago, Euskaldunon Egunkariaren auziak auzi bidean jarri zituen pertsonak baina horrekin batera, behin behineko itxieraren bitartez, hedabide oso bat erruduntzat jo zuen eta debekatu; nahiz eta herri demokratikoetan prentsaren aurkako edozein auzibideri ekiteko froga sendoak eta epaiak ezinbestekoak izan.
Aginte Judizialari zor zaion errespetu osotik, Euskaldunon Egunkariaren aurka zabaldutako auzibidea bertan behera uztea eta artxibatzea eskatzen dugu, beste behin. Izan ere, bertan behera uzte horrek, legearen aplikazio zuzena izateaz gain, inoiz gertatu behar ez zen bultzada politiko baten ondorioz zabaldutako auzia zuzentzea bailekarke eta horrekin inongo frogarik gabe auzian dauden lagunek pairatzen duten egoeraren amaiera.
Gaiaren inguruko berriak:
Otsailak 20, astelehena, eta egunkari barik (2006 Ots 20)