Euskal Herriko artista gazte guztiek ezin parte hartu
Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urtetik beherakoak edo adin hori 2006 urtean beteak izan behar dute. Era berean, Euskal Autonomi Erkidegoan jaioek, EAEn erroldatutakoek edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikasten dutenek baino ezin izango dute parte hartu, Euskal Herriko hainbat artista gazte kolektibo horietatik landa gelditzen dela.
Arte garaikidean zenbait adituk osatutako epaimahaiak egingo du 54 artista onenen hautua, eta horien izenak martxoaren 23tik aurrera jakinaraziko dira. Hautatutako sortzaileek euren lanak erakutsiko dituzte, maiatzaren 19tik 21era Areetako Xake Plazan ezarriko den 2.500 metro koadroko karpan.
Hautatuek euren lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Gainera, euren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Azkenik, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.
"Artista gazteen funtsezko topalekua”
Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, “Getxoartek garatze bidean diren artistei euren lanak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu”. Horrezaz gain, Getxoartek “arte plastikoen garapena sustatu nahi du, baita ekoizpen sortzailea ere. Gainera, proiektu askotarikoei bide emango dieten ikuspuntu nahiz kode artistiko berrien bilaketa bultzatzea du helburu, horiek izango baitira arteen etorkizunaren oinarri”.