Besteak beste, TAO sistema Areetako Santa Ana auzora; "bertokoei galdetuta aurretik", Itzubaltzeta / Erromora; "bertan osasun etxea egoteak sortutako zirkulazio kaosa konpontzeko asmoz", Algortako Bidezabal aldera eta Arrigunaga eta Ereaga hondartzetara zabaltzea dago Getxoko PPk aurkeztuko dituen proposamenan artean. Aipatu areatzen kasuan egoilarrentzako bereizgarri bat sortzea aurrikusten dute tokiko popularrek, "dohainik aparkatu ahal izan dezaten". Bestalde, Algortako Telletxe kalean TAO eremuak zabalagoak egitea eskatuko dute PPko ordezkariek. Golf Zaharra ingurua ere bereiztu du Arruek, aipatu eremua Itzubaltzeta / Erromon egon arren. Horretaz gain, behin TAO eremuan kotxea uzteko denbora agortu eta gero, hori luzatzeko hamar minutu gehiago eskatzen dituzte popularrek, "eta ez denbora agortu eta bost minutu lehenagora arte, baldintzen orria jasotzen duen bezala", Getxoko PPko bozeramailearen hitzetan. "Euren lan-baldintzak ikusita", hainbat lagunentzako salbuespenak ere nahi dituzte, "nahiz eta horiek udalerrian ez bizi". Multzo horretan sartu ditu Arruek, lanerako ibilgailuren bat erabiltzen duten merkatariak edota etxetik etxera joan behar izaten duten mediku laguntzaileak. Azkenik, egun ematen diren etxebizitza bakoitzeko bi TAO txartelez gain, ibilgailu bakoitzeko ere txartela nahi dute PPkoek.
Hala ere, TAO zerbitzuaren kudeaketa lehiaketa publikora ateratzeko baldintza berrien artean "gauza onak" badaudela aitortu du Arruek. Besteak beste, "kreditu txartelaren bidez ordaintzeko aukera, merkatariek bezeroei eman ahal izango dieten txartal magnetikoa eta isunak momentuan ordaintzeko aukera" aipatu ditu Getxoko PPko bozeramaileak.
Ezinduentzako aparkatzeko txartela
TAO zerbitzua alde batera utzita, baina aparkalekuen gaineko kontuak alde batera utzi gabe, ezinduentzako aparkatzeko txartela eskatzeko izapideak "arindu" daitezela eskatuko du ostiraleko udalbatzarrean Getxoko PPk. Orain artean, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen baimena Udalak berak berretsi behar du ondoren, "logikoki azkarragoa behar lukeen prozesua erabat motelduz". "Txartela behar duten lagunek dituzten mugitzeko arazoak ez datoz bat arinagoa izan beharko lukeen administrazioarekin. Aipatu agiria eskuratzeko leihatil bat baino gehiagotik igartzea saihestu beharko lukete", diote tokiko popularrek, aipatu alderdiak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta aho batez onartua izan zen proposamenarekin bat eginez.