Ekologistak Martxan eta Sagarrak kolektiko ekologistek atzo jakinarazi zutenez Getxo eta Erandio udalerrietako atmosferak legez ezarritako gehienezko kutsadura gainditu zuen 2005ean. Ekologistek salatu zuten iaz Hego Euskal Herriko 18 udalek gainditu zutela Europako Batasuneko PM10i buruzko arteztaraua, tartean Iruñea, Bilbo, Portugalete, Zornotza eta aipaturiko Uribe Kostako bi udalerriak. Europako Batasuneko muga gainditzeko urteko 35 egunetan edo gehiagotan metro kubikoko PM10 partikula kutsakorraren 50 mikrogramo aurkitu behar dira atmosferan. PM10, besteak beste, trafikoaren dentsitate altuak sortzen du eta arnasketako arazoak eta gaitz kardiobaskularrak eragiten ditu. Talde ekologisten aburuz, PM10 atmosferan dagoen poluzioaren eragilerik "kezkagarrienetako bat" da. Ekologistek salatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta euskal udalek "kutsadura gehitzera baino ez datozen azpiegiturak eraikitzen jarraitzen dute, industriaguneen miaketa eta kontrolean dituzten arduraz paso egiten duten bitartean". Argazkian, 2002an bi ertzain Zabalgarbiren kontrako ekintza batean parte hartzen zuen
Greenpeaceko kide bat errauskailutik jaisten / Greenpeace.