Kultur eta kirol elkarteen urteko diralaguntzetan 465.000 euro inbertituko du aurten Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 22a, 19:21

Getxoko Udaleko Gobernu Batzordeak 2006an zehar beren ohiko jarduera aurrera eraman dezaten udalerriko kultur eta kirol elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia onartu du eta eskaera egiteko epea datorren martxoaren 15era arte izango da zabalik. Ohikoa denez, Udalak banatuko duen dirutzatik, 465.000 euro, gehiengoa kirol elkartei bideratuko die, 370.000 euro, kultur taldeentzat 95.000 euro geldituko direla. 2004an onartu zen subentzio hauek arautzen dituen ordenantza berria eta deialdi irekia eta epez mugatua deitzen den bigarren urtea da. Oraingo honetan, Udalak elkarteen gaineko datu gehiago, ekonomikoak zein jardueraren gainekoak, eskuratu nahi izan ditu dirulaguntzak ematerakoan, "ahalik eta zuzentasun handiena lortu aldera" omen. Argazkian, Getxo Rugbyren hasiberrien taldea

Elkarteek iaz eman ez zen eranskin bat bete beharko dute aurten, aldez aurretik finkatutako formatuan orain artean eskatutako datuak batzeko: diru-kontuen balantzea eta aurreko urtean izandako ekintzen gaineko txostena, eta aurtengo jardueraren aurrekontu eta egitasmoa. “Elkarteetako partaideen lana erraztu nahi izan da, aurreko urteetan eskatu izan zaizkien datuak, indarrean dagoen dirulaguntzen gaineko araudiak eskatu izanagatik ere, batzeko eduki dituzten zailtasunak kontuan hartuta”, argitu nahi izan zuen Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak.

Udal Gobernuaren balorazio irizpideak

Izan ere, kultur elkarteei dirulaguntza emateko ezarri diren irizpideei dagokienez, taldea edo elkartea udalerrian errotuta dagoen ala ez begiratuko da, lehenbiziz; aurkezten dituen ekintzen originaltasuna eta egokitasuna; ekitaldi bakoitzaren kostea; baliabide ekonomiko propioak eta horiek lortzeko egiten duen ahalegina; eta taldearen egitura eta antolaketa maila ere hartuko dira kontuan, besteak beste.

Horrez gainera, beste gai garrantzitsu batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola, elkarteak gizon eta emakumeen arteko berdintasun aukeren gainean duen jarrera, eta Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera.
Kirol taldeekin ere antzeko irizpideak ezarri dira, baina hauen kasuan, parte hartzen duen lehiaketa eta kirol modalitateen eta federazioan taldeak aurkeztutako fitxen kopuruaren gaineko federazioaren agiria eskatuko zaizkie.

Eskabideak aurkezteko

Eskabideak, bai kultur zein kirol subentzioak jasotzeko, udaletxeko Erregistro Orokorrean edo Getxoko Herritarren Arretarako Bulegoren batean aurkeztu behar izango dira. Elkarte eskatzaileak dituen bazkide kopuruaren aitorpena eta Bizkaiko Foru Ogasunaren agiria aurkeztu beharko du, zerga guztiak ordainduta dituela egiaztatzeko. Gizarte Asegurantzarekin obligaziorik izatekotan, ordainketan hutsik ez duela frogatzeko Diruzaintza Orokorraren egiaztagiria aurkeztu beharko du ere elkarteak.

Horrez gainera, bestelako dirulaguntzarik jasotzeko aukera duen edo ordurako jasota duen adierazi beharko du, Udalak emandakoen osagarri izan daitezkeen arren, gehiegizko finantziazioa gerta ez dadin zainduko baita.

Gaiaren inguruko agiriak:

Getxoko udalerriko kultur elkarteei 2006. urtean urteko diru laguntzak emateko deialdia arautzen duten berariazko oinarriak

Kirol taldeentzako urteko diru-laguntzen deialdia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun