Pixoihalena Eusko Jaurlaritza eta gurasoen artean konpondu beharreko arazoa dela dio Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 23a, 09:47

Udaletxeko atarira bertara eraman zituzten atzo Getxoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikasleen Gurasoen Elkarteen Federazioko kideek, zortzi ikastetxe publikoren bi urteko umeen hamazazpi gelatan (18 haur gela bakoitzeko) sortzen diren pixoihal zikinetako batzuk, "azken bi ikasturteetan Udalak eskola garbitzeko kontrataturiko enpresak ez dituela egunero jasotzen" aditzera eman eta "horiek eragiten duten kiratsak eta higiene gabeziak seme-alabak ez ezik, irakasleak eta laguntzaileak ere kaltetzen" dituela salatzeko asmoz. Iñaki Zarraoa alkateak, aldiz, horren ardura tokiko erakundearena ezean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena dela aipatu zuen, asteazkenetako ohiko prentsaurrekoan, “bi urteko haurrena derrigorrezko hezkuntza ez delako”. Hala ere, otsailaren 28ra arte, pixoihal zikinak astean birritan jasotzen jarraituko dutela jakinarazi zuen udal agintariak, “gure erantzukizuna ez den arren”. “Gero ikusiko da zer egiten dugun. Hori dela eta, Hezkuntza Sailari eta guraso elkarteei dei egin nahi diet elkarren artean arazoa konpondu dezaten”, azaldu zuen Zarraoak, “burutsu” jokatuz, gelak zikin badaude ezer egin gabe ezin direla geratu aitortu aurretik.

Getxoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikasleen Gurasoen Elkarteak eta zortzi ikastetxe publikoetako zuzendaritzek egoera konpontzeko egindako saiakeren artean, 2005eko azaroan, Iñaki Gerediaga Hezkuntza zinegotziarekin bildu zirela aipatu zuen atzoko agerraldian Paloma Serranok. “Bertan, Gerediaga jaunak onartu zuen bi urtekoen geletako garbiketa Udalari dagokiola, nahiz eta gero alkate jaunak, Ser irratian, 2005eko abenduaren 12an, ama bati erantzun pixoihal zikinak jasotzea ez dagokiela Udalak kontrataturiko garbiketa-enpresako langileei”, guraso elkarteetako ordezkariak gaineratutakoaren arabera. 2006ko otsailaren 1etik eskoletako garbiketaren esleipenduna den Fomento de construcciones y contratas (FCC) elkarte anonimoak ere horren ardura ez duela adierazi zitzaien aita-amei herenegun helarazitako idatzian. “Enpresa horren ez ditu jantokietako zoruak garbituko, eta ez du 0-2 urte bitarteko umeen pixoihalen zaborra bertatik kenduko”, jasotzen da bertan. Atzokoan hitz horiek berretsi zituen Zarraoak. Astetan birritan batzeak, orain bi ikasturte garbitzaileen kexuen eraginez hartutako “aparteko” neurritzat jo zuen alkateak. “Gela horietan guraso elkarteek kontratatutako laguntzaileek ere lan egiten dute. Bada, eurei esan beharko liezaiekete pixoihalak batzeko. Ikastetxe askotan horrela egiten da; poltsa zakarrontzietara botatzea baino ez da”, udal agintariaren ustez.

Osasun arazoak eta kiratsak

Tartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak arrazoia eman zien guraso, irakasle, laguntzaile eta zuzendariei, Carlos Gutierrez Uribe Kostako Osasun Publikoko koordinatzailearen bitartez. 2005eko azaroaren 29ko gutunak horrela zioen hitzez hitz: “osasun-ikuskatzailetza honen ustez, gorozki eta gernuz zikindutako pixoihalak metatzeak osasun arazoak ekar ditzake, intsektuak horretara bil baitaitezke, eta edozein modutan ere, pixoihalotatik datozkeen kiratsak direla eta. Horiek horrela, komenigarria litzateke, beraz, pixoihalok egunero jasotzea, denboran zehar metatzeak sor ditzakeen arriskuak eta eragozpenak saihesteko”. Hala ere, Zarraoak “guztiz faltsutzat” jo zituen horren gainean aita-amek egindako adierazpenak, “pixoihalak jasotzeko edukiontzi bereziak badaudelako eskoletan”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun