Adin guztietako lagunentzako ekitaldiak prestatu ditu Maritxu Teilagorri jai herrikoien aldeko kultur taldeak, bihar, otsailak 24, 17:30etik aurrera Leioan ospatuko diren 2006ko Inauterien barruan. Txikienak ez ezik, gazteak eta helduak ere jaiaz gozatzeko aukera izango dute, beraz, Leioako Udala ren eta Leioako Merkatarien Elkartearen laguntzaz prestaturiko egitaraua dela medio. Naroa Jauregizuria eta Alaitz Bilate jai batzordeko bozeramaileek jakinarazi dutenez, ekitaldi guztiak Euskal Etxeen plazan (Arkupe plazan) izango dira. Bertan, haur jolasak, puzgarriak, pintura tailerrak, musika eta animazioa egongo dira Maritxu Teilagorriko begiraleen eskutik. 18:30etik aurrera pailazoen emanaldia egingo da eta berau bukatzean, 19:30ak aldera, txokolatea banatuko da. Argazkian, Maritxu Tellagorrik urtarrilean egin zuen urteko egitarauaren aurkezpena Udondo gaztetxean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!