Getxon babes ofizialeko bost mila etxebizitza egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 23a, 20:03

Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak laster sinatuko duten hitzarmenak udalerrian 8.000 etxebizitza eraikitzea ahalbideratuko du eta horietatik 5.000 babes ofizialekoak izango dira. Arlo horretan EAEn egingo den ekintzarik handienetako bat izango da hirigintza plan berria eta bi urte barru hasiko dira gauzatzen, datorren legegintzaldiaren amierara bitartean (2011), hasiera batean. Honako sei gune hauetan eramango dute aurrera: Martiturri, Moreaga, Azkorri, Saratxaga, Arteaga eta Mimenaga. Bilbo Metropoliko Lurralde Zatikako Planaren arauei jarraituz, dentsitate txikiko aldea, udalerriko "hirugarren herri-gune garrantzitsua" bilakatuko dute. Horretarako, Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra (HAPO) aldatu beharko du Udalak, Bizkaiko Foru Aldunziak LZP behin betiko onartu ondoren. Agintarien arabera, "bizitzeko gune osatua egingo da, atsegina eta ingurumena errespetatuko duena, berdegune eta asialdirako esparru zabalekin, herritar ugari hartuko dituen eremuak behar dituen ekipamendu guztiekin". Babestutako 5.000 etxebizitzetatik Eusko Jaurlaritzak 1.200 sustatuko ditu eta gainontzekoak udal jabegokoak izango dira. BOEn erdia zozketaren bidez esleituko dute "getxoztarrei lehentasuna emanez" eta, beste erdia Jaurlaritzaren esku geratuko da. Argazkia: Iñaki Zarraoa alkatea (eskuinean) eta Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua (ezkerrean) hedabideen aurrean agertu dira gaur hitzarmenaren ganeko xehetasunak azaltzeko.

Zarraoa bi erakundeek etxebizitza politikan duten "adostasun maila" nabarmendu du. Aipatu duenez, “etxe hauek eginez pertsona orok duen oinarrizko eskubidea bermatuko da, etxebizizitza edukitzearena alegia”. Udal agintariak berretsi egin du, gainera, "etxeak egingo diren lurren jabeek tokiko erakundeari eman beharreko %10aren zatirik handienean babestutako etxebizitzak egiteko konpromisoa". Zarraoarekin bat eginez, hitzarmen honek “Getxo udalerrian ematen ari den etxebizitzaren arazoari irtenbide osoa emateko oinarriak" jartzen dituela nabarmendu du Madrazok. "Administrazioetatik ahaleginak egin behar ditugu gizarteko sektore guztiei etxebizitza duin eta merke bat ematen, batez ere gazteei”, azaldu du. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak gogoratu duenez, 2.500 gazte getxotar dira gaur egun Etxebiden izena emanda dutenak. Madrazoren ustetan, "Getxon etxebizitzaren arazoaren amaieraren hasiera dakar" hitzarmenak.

Bestalde, sailburuak aurreratu duenez, "laster batean" hasiko direla Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kalean, Areetako Xake plaza ondoan, babes ofizialeko 60 etxebizitza eraikitzen. Halaber, "ahalik eta lasterren" izenpetuko dute Udalak eta Jaurlaritzak Algortako Zubileta aldean babestutako 124 etxebizitza egiteko hitzarmena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun