Ricardo Ibarra Hirigintza zinegotziak lagunduta, Kurtzio kulturgunea izango dena aurkeztu du gaur goizean Imanol Garai Sopelako alkateak. Herrigunetik hurbil, Iturrieta parkean egongo den azpiegitura berriak egun beste kokaleku bat daukaten Nikola AEK eta udal euskaltegiak eta Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Zentroa hartuko ditu. Horretaz gain, Sopelako Gazte Plana garatuko dute bertan, udal agintariek adierazitakoaren arabera, eta haurrentzako lokalak eta 160 lagunentzako auditorioa ere egongo dira. Garairen hitzetan, "aspalditik asmoa da Sopelan kulturgune berria egitea. Oraingokoa txiki geratu zaigu; duela 25 urte egin zen eta dagoeneko ez dio herritarren eskaerari erantzunik ematen". Energiaren Euskal Erakundearekin izandako hartuemanei esker, eguzki-panelak jarriko dituzte, "zentro berriak bere burua energiaz hornitzeko". Guztira, 900.000 euro baino gehiago inbertituko dituzte eta udaberrian eraikitzen hastea espero dute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!