Aurtengo Inauterien bidez, "jendearen partaidetza sustatu" nahi dute eta ospakizunen "euskal tradizioa gorde nahi bada ere, beste kultur adierazpen batzuk ere agerian geratuko dira", mariatxiak kasu. Hainbat urtetan ostalariekin egondako ezin ulertuei buruz, berriz, "batez ere Algortan, tabernarien ekimenez antolatzen ziren Inauteriak, ez zegozkien datetan. Beraiekin harremanetan jarri eta akordio batzuetara heldu ginen. Eta inertziak daudenak diren arren, ospakizun herrikoiagoak egin eta dagozkien datetan jartzea lortu dugu", adierazi zuen Landarekin batera agertu zen Iñaki Zarraoa alkateak. Bitartean Itzubaltzeta / Erromon bertoko 25 tabernarik, Branka kultur elkarteak, Itzubaltzeta gaztetxeak, Segik, Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeak, HNTk, Gazte Enbatak eta Zasi eskolak antolatu dituzte Inauteriak. Eta Getxon Itxas Argia dantza taldeak.
Egitarau ofiziala
Eskoletako ohiko inauteri desfileekin hasiko dira ospakizunak, Itzubaltzeta / Erromo eta Algorta eta Getxo aldeetan, 11:00etan. Arratsaldean, berriz, disko-festa haurrentzako mozorro dantzaldia, karaokea, argazkia egin eta gero erakutsi ahal izateko kabina eta txokolatea txurroekin egongo dira, Telletxe plazan, 18:00etatik aurrera. Goizean erabilitako mozorroak ez botatzeko eskatu zien Eskola Inauterietan parte hartzen duten 4.600 neska-mutil inguruei, Enrike Bosque kultur teknikariak, gero arratsaldean ere erabili ahal izan dezaten. "Goizeko ospakizuna arratsaldekoarekin lotzea da asmoa", gaineratu zuen Bosquek. Bestalde, txokolate eta txurroak hartu ahal izateko txartelak banatuko dituzte; horietako batzuk inguruko tabernetan.
Larunbatean, hilak 25, Gazte Leku fanfarreak Algortako kaleak girotuko ditu 12:00etatik aurrera eta, ordu erdi beranduago, erraldoi eta buruhandiak izango dira San Nikolas plazan, Tellagorrin eta Kasinon. Ordu batetan, euskal Inauterietako dantzak ikusi ahal izango dira Telletxe plazan, Berangoko Simon Otxandategi taldearen eskutik, eta 18:00etan eta 20:00etan, toki berean, karaokea dago antolatuta. Arratsalde osoan argazkia ateratzeko kabina, makillaje tailerra eta txokolatea txurroekin izango dira. Gauean, beste musika ekitaldi batzuk egongo dira, hala nola, "Los charros de Jalisco" taldearen kontzertua, 21:00etatik 22:30ak arte, Telletxe plazan; DJ-disko desta, 23:00etatik 2:00ak arte, San Nikolasen; eta nagusientzako dantzaldia, ordu berean, Kasinon. Ostalariek antolatutako ohiko Mozorro Lehiaketa ere izango da larunbatean, sari potoloekin gainera.
Igandeko ekitaldiak 12:00etan hasiko dira Simon Otxandategiren zanpantzarrekin eta Algortako oinezkoentzako gune eta plazetan izango diren kalejirerekin. Egitaraua Deabru Beltzaken "Les diables Noirs" antzerki, perkusio eta piroteknia ikuskizunak itxiko du. Ekitaldi honen aurretik jaso ahal izango dira ateratako argazkiak. Azkenik, Gazteria udal zerbitzuak mozorro tailerra antolatu du 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako, Algortako kultur etxean, hilak 17, 20, 21, 23 eta 24an. Algortako Gazte Bulegoan eman daiteke izena edota 944 910 114 telefono zenbakira deituz.
Egitaraua oso-osorik ikusteko hemen klik egin.