Telmo "Zarra" hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 24a, 10:09

Telmo Zarraonandia "Zarra" Athletic Clubeko aurrelari famatua zendu zen atzo arratsaldez Bilbon zuen etxean, bihotzekoak jota, 85 urte zituela. Sorospen lanetan aritu ziren medikuak saiatu ziren zerbait egiten, baina alperrik izan zen. Asuako seme zenaren aldeko hileta-elizkizunak astelehenean egingo dira, 19:00etan, Begoñako Andra Mariren Basilikan. Gainera, talde zuri-gorriak jakinarazi duenez, Vila-realen aurkako partidaren atarian minutu bateko isilunea egingo dute San Mamesen, igandean. Athleticeko jokalariek besoko beltza eramango dute bera eta Isidoro Urra jokalari ohien omenez. Bilboko klubeko aurrealde famatuena osatu zuen Zarrak, Iriondo, Venancio, Panizo eta Gainza jokalariekin batera. Asua eta Erandio taldeetan ere jokatu zuen.

1940tik 1955era jokatu zuen Athleticen, eta 1921ean Asuan jaiotako aurrelari handiak 353 neurketa jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin. Guztira, 224 gol sartu zituen talde bilbotarrean, neurketa bakoitzeko ia bat. Gauzak horrela, klubak bere atsekabea adierazi eta doluminik sentikorrenak eskaini dizkie 40 eta 50eko hamarkadetan taldeko jokalaria izandakoaren familia eta adiskideei. "Zarrarekin batera mugarri bat doakigu, gure historia luze eta emankorraren izen ahaztuezina. Txikitatik Zarrataz zer dakigun galdetzen digutenean, 'golak egiten zituena' zen, baina heldutasuna eskuratu bezain pronto eta bere ibilbideari so eginez, nazioarteko futbolari batekin egiten dugu topo. Denborak ez du bere irudia urtu, handitu baizik... Gizon errekorra eta Klubeko gizona izango da Zarra. Nazioarteko izarra (Brasil´50 gogoan) eta adiskide maitatua. Zarraren ereduak Athletic Clubeko muina isaladatzen du primeran. Goian bego", adierazi du talde zuri-gorriak bere webgune ofizialean.

Pitxitxien errege

Espainiako Ligan Pitxitxi saria gehienetan irabazi duen jokalaria da Telmo Zarra, guztira sei aldiz. 1944-1945, 1945-1946, 1946-1947, 1949-1950, 1950-1951 eta 1952-1953 denboraldietan lortu zuen Athleticeko aurrelariak Ligako goleatzailerik onena izatea. Gainera, 1950-1951 denboraldian 38 gol sartu zituen, eta nahiz eta Hugo Sanchezek Zarraren marka berdintzea lortu zuen, oraindik ez du inork gainditu ahal izan kopuru hori denboraldi batean. Halere, kontutan hartu behar da Zarrak 38 gol sartu zituenean, Ligan 30 neurketa jokatzen zirela, eta Hugo Sanchezek lortu zuenean, berriz, 38.

Espainiako selekzioarekin ere goleatzaile trebea zela erakutsi zuen. Suitzaren aurka 4 gol sartzeaz gain, Brasilgo Munduko Txapelketan (1950) Ingalaterrari oso gol garrantzitsua egin zion.

Palmares itzela

Pitxitxi sariez gain, Liga titulu bat irabazi zuen Athleticekin 1942-1943 denboraldian, eta lau Errege Kopa ere eskuratu zituen 1942-1943, 1943-1944, 1944-1945 eta 1949-1950 denboraldietan. Talde zuri-gorrian jokatzeaz aparte, Erandion, Indautxun eta Barakaldon ere jokatu zuen Zarrak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun