Bai Euskarari ziurtagiria lortu duten enpresen ahalegina goratzeko ekitaldia egingo dute asteazkenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 24a, 16:06

Bai Euskarari ziurtagiriaren urteko ekitaldi nagusia datorren asteazkenean, martxoak 1, izango da Donostiako Kursaal aretoan. Aurten ere Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aitortza berezia egin nahi die Bai Euskarari ziurtagiria lortu duten 1.190 enpresa, saltoki eta bestelako entitateei. "2006ko ekitaldi nagusian ziurtagiria lortu dutenak izango dira protagonista, haien ahalegina baita euskarak behar duen bultzada", adierazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Era berean, idazkari nagusiak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du: "entitateen ahalegina jendaurrean aitortu nahi dugu".

Ekitaldi nagusian instituzioetako eta gizarte arlo askotako ordezkariak izango dira. Halere, arreta guztia Bai Euskarari ziurtagiria jaso dutenentzat izango da. Kontseiluko Zuzendaritzak ziurtagiridunei Nestor Basterretxearen artelan baten lamina banatuko die. "Iparralde-Hegoalde" da Nestor Basterretxea artistak espresuki prestatutako lanaren izena. "Iparralde eta Hegoaldean euskararen presentzia areagotu behar dugula ondo dakite Bai Euskarari ziurtagiriarekin konprometitzen direnek", azaldu du Mendigurenek.

Aurten, hizlari gisa, gonbidatu berezia ekarriko du Kontseiluak Felix Marti, Linguapaxeko Nazioarteko Batzordearen lehendakaria eta Unescoren Kataluniako zuzendari ohia. Felix Martik elkarteek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratuko du, izan ere, eremu sozio-ekonomikoan bidea egiten dutela aipatu du. Gainera, Bai Euskarari ziurtagiria euskararen normalizazioan aurrera egiteko tresna egokia dela azalduko du Felix Martik.

Publizitate kanpaina

Kursaalean egingo den ekitaldian bertan, Kontseiluak Bai Euskarari ziurtagiriaren publizitate kanpaina aurkeztuko du. "Aurten iragarkiaren helburua emandako pausoa aitortzea da eta Bai Euskarari ziurtagiria aintzat hartzeko deia da". Izan ere, kanpainaren leloa 'aintzat hartu' da.

Elena Irureta aktorea da publizitate kanpainaren irudia. Euskal Herrian euskarazko filmak eta telesailak egiteagatik ezaguna da, besteak beste, azkenetako duen 'Aupa Etxebeste!' euskarazko pelikulagatik. "Gertutasuna erakusten du Elena Iruretak, euskarak duen hurbiltasuna, alegia", aditzera eman du Kontseiluko idazkari nagusiak.

%43ko hazkundea

Publizitate kanpaina zabaltzeko Kontseiluak Euskal Herriko komunikabideen laguntza izango du. "Hedabideei eskerrak eman nahi dizkiegu Bai Euskarari ziurtagiria sustatzeagatik", eskertu du Xabier Mendigurenek.

Bestetik, Kontseiluak aurten Bai Euskarari ziurtagiriak izandako hazkundea aipatu du. Jada 1.190 Bai Euskarari ziurtagiri banatu dira, hau da, 2005ean %43ko hazkundea izan du. "Bai Euskarari ziurtagiria orain dela bost urte eta erdi sortu zuen Kontseiluak eta garapen egokia izaten ari da", aitortu du ziurtagiraren arduradunak, Rober Gutierrezek. Gainera, maila goreneko ziurtagiria hedatuz doala aipatu du: "Dagoeneko 'Guk zerbitzua eta lana euskaraz' maila ehun enpresek lortu dute".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun