Beñat Vidal bertsolari leioztarrari dagokio Abra Saria berriro ere eskualdera ekartzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 24a, 17:21
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, larunbat honetan jokatuko da bosgarren urtez Abra Saria. Aurrekoetan bezala, Euskal Herri osotik etorritako sei bertsolari gazte arituko dira norgehiagokan, aurtengo txapela lortzeko, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan 19:00etatik aurrera egingo den saioan. Izan ere, bertsolari belaunaldi berriei bultzada ematea du helburu lehiaketak. Leioako Beñat Vidal izango da Uribe Kosta eskualdeko ordezkaria eta hainbat zalek beragan jarri dute konfidantza Xabi Payak 2004an lortutako txapela eta iaz Oihana Bartra santutxuarrak eraman zuena berreskuratuko duelakoan. Horretarako, Alaia Martin (Oiartzun), Julio Soto (Gorriti), Xumai Murua (Azkaine), Ibai Guridi (Elorrio) eta Beñat Gaztelumendirekin (Añorga) jokatu beharko du garaikurra leioztarrak. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Josu Esnaola arituko da.
Alaia Martin oiartzundarra ez da bertsolari ezezaguna Uribe Kostan. Izan ere, pasa den abenduaren 10ean Algortan ospatu zen Ahobien galan jaso zuen "Hirurehun eta bat" lanarekin Balendin Enbeita VII. bertso-paper lehiaketan irabazitako gazteen ataleko lehenengo saria eta txapela.

Abra Saria 2002. urtean sortu zen bertsolarien belaunaldi berrien lana bultzatzeko asmotan. Lehenengo lehiaketan, Urretxuko Nerea Elustondo nagusitu zen. Hurrengo bi saioetan, Jon Martin gipuzkoarra eta Xabier Paya algortarra atera ziren garaile eta iaz Oihana Bartra Santutxuko Bertso Eskolako kideak eskuratu zuen txapela.

Abra Saria emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eraman beharko da. ALBEko egoitzan, UK aldizkariko erredakzioan, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) edota saioa hasi baino ordu bat lehenago, musika eskolako txartel-leihatilan bertan jaso daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun