Arrisku kimikoaren gaineko informazioa emango dute astearte honetan Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 27a, 21:33

Arrisku Kimikoari buruzko Kanpo Komunikazio Plana aurkeztuko dute astearte honetan, otsailak 28, 18:00etatik aurrera, Erandioko udalbatza aretoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako arduradunek, tokiko agintariek eta Fertiberia eta Oxinorte enpresetako ordezkariek. Horrela, "biztanleengandik gertu zer-nolako jarduera kimikoa egiten den eta istripua izatekotan zer neurri hartu behar diren" ezagutaraziko dizkiete Lutxana aldeko enpresa arduradun, auzo-elkarteetako kide, ikastetxeetako zuzendari eta gainontzeko auzotarrei, Arrizen Monasterio Herrizaintza Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren delegatuak gaurko prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera. Dena den, edozeinek har dezake parte hitzaldian. Gainera, DVDak banatuko dituzte, informazio guztia sei minutuko ikus-entzunezko grabaketa batean bildu baitute.

Erandiorako bereziki prestatutako Komunikazio Planaren bigarren fasea da bihar abiatuko dena. Aurretik, orain pare bat aste, Altzaga eta Lutxanan zehar ibili zen ikasgela higikorra. Argibide-panelak eta bestelako hezkuntza-materiala zeuden ikusgai horretarako prestatutako mikrobusean. Ibilgailuan, gainera, langile adituak zeuden, herritarren zalantzak argitzeko eta informazioa emateko. Horretaz gain, informazio-liburuxkak bidali dituzte etxez etxe.

Larrialdi kimiko baten aurrean bete beharreko jarraibideak:

Larrialdiaren berri sirena-hotsez, megafoniaz udaltzainek eta agintariek irratietan eta telebistetan igorritako mezuen bidez emango litzateke. "Tankera honetako ezbehar baten aurrean, leku itxi batean babestea eta hedabideen informazioa kontuan izatea dira aholku behinenak", jakinarazi du Monasteriok. Horrela, larrialdi alarma entzutean, biztanleek leku itxi batean sartu behar dute, eta oinarrizko aholku batzuk bete behar dituzte:

- Ateak eta leihoak erabat itxi (pertsianak ere, ahal den heinean) eta haietatik urrundu. Beharrezkoa bada, zirrikituetan trapu bustiak jarri.
- Irratia entzun eta telebista ikusi, agintarien aholkuen zain.
- Ez erabili aireztapen sistemarik.
- Kalean egotekotan, arnas-aparatua babestu eta leku itxi batean sartu.
- Ez erre eta ez piztu inolako surik.
- Ez erabili telefonoa, baldin eta behar-beharrezkoa ez bada.
- Ez joan eskolara seme-alaben bila; irakasleek argibide zehatzak dituzte.
- Ez irten kalera, agintariek larrialdia bukatu dela esan arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun