Aste honetan ospatuko dituzte Inauteriak Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 28a, 10:48

Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan ez bezala, asteburu honetan hartuko ditu Berangok Inauterietako ekitaldi nagusiak. Hala ere, aurretik, mozorroa egiteko aukera izango dute neska-mutilek. Besteak beste, martxoaren 1ean eta 2an, birziklatzeko materialak erabiliko dituzte horretarako Gaztelekuan, 16:00etatik 20:00etara. Ostiralean, berriz, mozorro jaia izango dute Santa Anako kultur etxean bertan, 16:00etan, merienda eta dantza lehiaketa barne. Larunbatean ere mozorroa egiteko aukera egongo da Berangoetako ludotekan, 11:00etatik aurrera. Eta arratsaldean, "Zirkus Mirkus" kale-antzerkia plazan (17:30) eta mozorro desfilea eta txotxongiloak areto nagusian (18:30) izango dira. Amaitzeko Zuberoako maskarada egongo da ikusgai igandean, Berangoko kaleetan, 11:15etik aurrera. Argazkian, Maskarada Zuberoan (Altzai) / Euskal Kultur Erakundea.

Santa Ana kultur etxeko Gaztelekuan izango diren mozorro tailerra eta festa alde batera utzita, martxoaren 4an eta 5ean ospatuko dira Inauteriak Berangon. Larunbat goizean, mozorroak prestatzeko aukera izango dute 11:00etatik aurrera Berangoeta kultur etxeko ludotekan batzen direnek, horretarako birziklatzeko materialak erabiliz. Jarraian, hamaiketakoa egongo da tailer horretan parte hartzen dutenentzat.

Arratsalderako, berriz, "Zirkus Mirkus" kale-animazio ikuskizuna antolatu dute plazan, 17:30etik aurrera. Hezitzaile eta pailazoez lagundurik, zirko barregarri horretan egingo diren jolas eta frogetan parte hartzeko aukera izango dute haurrek. Euria ari badu, Eskolako aterpean izango da saioa. Ondoren, oparia irabazteko aukera izango dute, 18:30etik aurrera, areto nagusiko desfilean parte hartzen dutenek. Gero, "Pinotxo" txotxongilo emanaldia izango da gazteleraz eta, amaitzeko, mozorro lehiaketaren sari-banaketa egingo dute.

Zuberoako maskarada eta zanpantzarrak

Biharamunean, Simon Otxandategi dantza taldeak ohiko kalejira eskainiko du Berangoko kaleetan zehar, familia osorako Maskarada antzeztuz. Besteak beste, Lantzarte (11:15), Axgane (11:30) eta Karabigane auzoak (12:45) eta Sabino Arana kalean zehar egingo dute kalejira. Horren ostean, bere errepertoriotik aukeratutako dantzak eskainiko ditu. Euria ari badu, pilotalekuan egingo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun