Gero eta bikote gehiagok aukeratzen dute euskara Getxoko udaletxean ezkontzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 28a, 13:34

Getxoko udaletxeko batzar aretoan egindako ezkontza kopurua handitu egin zen 2005ean; aurreko urtean baino %10 gehiago hain zuzen ere. Ezkontzak hilabetearen azken bi larunbatetan ospatzen dira, hirugarrenean gaztelaniaz eta laugarrenean euskaraz eta elebidun. Horrela, iaz burututako 73 ezkontzetatik 43 gaztelaniaz izan ziren, 25 elebidun eta 5 euskaraz. Aipatzekoa da, urte batetik bestera, erderazko zeremoniek behera egiten duten bitartean, elebidunek eta euskarazkoek egiten dutela gora. Behintzat, horrela adierazten dute udal arduradunek emandako datuek. 2004an ezkondutako 66 bikoteetatik 54 aukeratu zuten gaztelania, 10 hizkuntza biak eta 2 baino ez euskara. Bestalde, Bikote Homosexualen Legea indarrean sartu zenetik, udaletxean ez da sexu bereko pertsonarik ezkondu.

Ezkontzeko ordutegia 12:00etatik 13:30era bitartekoa izaten da eta 20 bat minutu irauten du zeremoniak. Amaitutakoan, alkateak edo alkateordeetako batek –segun zeinek ezkontzen dituen– Getxoko historiari buruzko liburua eta udalerriko eraikin nabarmenen erreprodukzioa optatzen dizkie bikoteei. Batzar aretoa eta hiru atezainen laguntza doan eskaintzen die ezkongaiei Getxoko Udalak eta tokiko arautegiaren arabera, udaletxean ezkondu ahal izateko baldintza bakarra bikotekideetako batek gutxienez urtebetez udalerrian erroldatuta egotea da. Ildo horren, "ezkontzeko itxarote-zerrendarik ez" dagoela dio Imanol Landa Presidentzia zinegotziak, "bikoteek euren data nahiko aurretik erreserbatzen dutelako". Gai horren gaineko informazio guztia Herritarren Arretarako Bulegoetan, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan eta udal webgunean, www.getxo.net helbidean dago ikusgai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun