Igor Angulo Iturrate Santurtziko euskal preso politikoaren heriotza salatzeko mobilizazioak ugariak izango dira ondorengo egunetan. Besteak beste, atzo bezala, manifestazioa abiatuko da gaur 8etan, Algortako Telletxe plazatik, "PSOE hiltzailea, Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe blogaren bitartez iragarri duenez. Bihar, martxoak 1, mobilizazioak izango dira eskualde buruetan. Etzi, martxoak 2, PSE-EE alderdiaren egoitzen aurrean izango dira elkarretaratzeak. Ostiralean, berriz, borroka eta mobilizazio egun nazionala deituta dago. Goizean paroak eta mobilizazioak egingo dira irakaskuntzan, arratsaldean herri guztietan eta Santurtzin greba orokorra. Azkenik, larunbatean 17:30ean omenaldia egingo diote Angulori bere jaioterrian, Santurtziko Herriko plazan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!