Zarama eta igeritokien tasen kontrako 9.000 sinadura baztertu ditu Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ots. 28a, 15:19

Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrak herri ekimeneko kideek otsailaren 24an Getxoko udal erregistroan zarama eta igeritokien tasen kontrako 908 sinadura berri aurkeztu zituzten, guztira 9.121 getxoztarrek honako testua babestu dutela: "Zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko tasa berria bertan behera utz daitezela exijitu egiten dugu. Aldi berean udal tasen jaitsieraren alde egiten dugu". Egun berean, Iñaki Zarraoa alkateak herri ekimeneko kidea den Kontxi Beaskoetxeari entzun eta erantzun zion udal batzarrean. Alkatearen aburuz, Udal Gobernuak jasotako 21.302 botoek 9.121 sinadurek baino "babes gehiago" ematen dute. Zarraoak errausketaren aldekoa dela aitortu bazuen ere, bere ustez Getxoko zarama Zabalgarbira joango dela esatea "funtsik gabekoa" da.

Pasa den ostiralean izan zen bosgarren aldia Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrak herri ekimenak Getxoko udal erregistroan sinadurak aurkeztu zuena, izan ere irailaren 16an eta 30ean, azaroaren 17an eta abenduaren 30ean aurkeztu zituen beste 8.213 getxoztarren sinadurak.

Pasa den ostiralean burutu zen Getxoko Udal Batzarrean galde-eskeen txandan parte hartu zuen Kontxi Beaskoetxea Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrak herri ekimeneko kideak. Beaskoetxeak EAJ, EA eta EBren zinegotzien aurrean berba egin zuen, aurretik PP eta PSOEkoek aretotik alde egin zutelako. Herri ekimeneko ordezkariak salatu zuen taldeak 2005eko otsailetik aurrera aurkeztutako sinadurek, lau idazkiek eta alegazioek ez dutela erantzunik izan alkatearen edo Udal Batzarraren aldetik eta jaso duten erantzun bakarra, Jose Manuel Etxebarria Ogasun zinegotziarena, "Alkatetzak jakinda" aurkeztutako eskakizun, alegazio eta "ehunaka sinadura orriak besterik gabe artxibatu" direla esateko izan zela.

Zabalgarbi

Beaskoetxeak Etxebarriak idatziz emandako erantzuna "isekatzat" hartu eta Udal Gobernuak jarrera "harroputz eta antidemokratikoak" erakusten dituela salatu zuen. Era berean, Zarraoari eskatu zion alegazioak berraztertzea; Getxoko Udalak onartutako Agenda 21 eta Aalborg-ko Kartan jasotzen den "demokrazia parte-hartzailea" erabiltzea; eta EAEko legeria betetzea, tartean 1988ko 230 dekretua, zeinek 20.000 biztanle baino gehiagoko udaletan "Udal Prezioen Batzordea" arautzen duena.

Bestalde, Beaskoetxeak Andres Uriarte EAJko zinegotziari urtarrileko udal batzarrean "zaborrekin edota hiri hondakin solidoekin zer egingo zen ez zitzaiola kezkatzen ezta axola ere" esan izana aurpegiratu zion. Beaskoetxearen ustez Uriarteri soilik axola dio "urteko 1.867.000 euroen truke Udalak zabortegia kudeatzeko ardura eta arazoa kentzen duela". Era berean, azaldu zuen "anbiguotasunez beteriko" Bizkaiko Foru Aldundia eta Getxoko Udalaren arteko hitzarmena Zabalgarbin errausteko dela guztiek dakitela , tartean Ezker Batua.

9.121 sinadura versus 21.302 boto

Iñaki Zarraoak erantzun eta salaketa guztiak ukatu zituen "oinarririk gabekoak" zirelakoan. Horrela, Udal Gobernuak erabiltzen duen jokaera ez dela antidemokratikoa argudiatzeko zaborrarekin erabiltzen duten sistema "hainbat herrialde demokratikoetan erabiltzen dena" dela eta Foru Aldundiarekiko hitzarmena sinatzeko "pisuzko argudioak" izan dituela azaldu zuen. Bestalde, errausketaren aldekoa dela aitortu bazuen ere, Iñaki Zarraoaren ustez Getxoko zarama Zabalgarbira joango dela esatea "funtsik gabekoa" da.

Bestalde, alkateak erlatibizatu zuen sinaduren balioa: "batek daki noiz edo nola sinatu diren", orain dela udal batzar batzuk erabiltzen zuen teoria aldatuz. 2005ean, Zarraoaren aburuz, sinatzaile guztiak Getxo Biziako boto-emaileak ziren. Aldaketak aldaketa Zarraoak Sanz lehendakariak 2000. urtean Vascuencearen Legea aldatzeko ekimen legegilearekin egin bezala, sinadurak eta botoak alderatu zituen eta Udal Gobernuak jasotako 21.302 botoek 9.121 sinadurek baino "babes gehiago" ematen dutela ziurtatu zuen, "antidemokratikoa" izatearen salaketa uxatu nahian.

Apirilaren 1eko epemuga

Bestalde, prentsa ohar baten bidez herri ekimenak salatu zuen Udal Gobernuko EAJ, EA eta EBren aldeko botoekin Getxoko Udal Batzarrak hiri hondakin solidoei buruzko Bizkaiko Foru Aldundiarekiko hitzarmena onartu zuela urtarrilaren 27an eta hitzarmena horren bitartez apirilaren 1etik aurrera Getxoko Udalak Foru Aldundiaren esku jarriko dituela oraindik udal zabortegira eramaten diren hondakinak. Era berean, UTGIAG taldeak salatu duenez, "Udalak Aldundiari ordaindu beharrekoa dela eta, 1.800.000 euro urtean, udalak zarama bilketagatik %86ko igoera ezartzen duen B tarifa kobratuko du aurtengo 2. hiruhilabetetik aurrera".

Errausketa: "aukera garestiena eta kutsakorrena"

Herri ekimenaren aburuz, hiri hondakin solidoak tratatzeko udalak ez du berezko alternatiba bat garatu azken hamarkadan zehar, "eta orain aukera garestien eta kutsakorrenaren alde, errausketaren alde itsu itsu egiten duen Diputazioaren esku utziko ditu Getxoko hondakinak. Hautu txar horren ardura herritar guztioi ordainarazi nahi digute. Herritar xehearekin batera, dendari eta tabernariak ere oso kaltetuta izango dira".

Bestetik, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek gogoratu dute urtarrilaren 1etik udal igeritokietara sartzeko aparteko tasa berria kobratzen hasi dela eta kobraketa egiteko, makinetan 71.500 euroko gastua egin duela Udalak. Herri ekimenaren aburuz, "pasabide hezeetan kokatuta dauden eta argiindarra darabilten makina hauetan, igeri egin aurretik eta ondoren ere nork bere txartela esku bustiekin sartu behar du, argindarra darabilten makinetan hezetasuna eta ura sartzeak dakarren arriskuarekin".

Azkenik, herri ekimenak udal igerilekuen kasuan, "tasa berria ahal dela ez ordaintzeko deia" berretsi du. Era berean, iragarri du sinadurak biltzen jarraituko dutela eta "zarama tasaren %86ko igoera gure fakturetan ikusi aurretik, tasa igoera lotsagarriak ezeztatzeko aldarrikapena ozenki zabaltzeko unea" iritsi dela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun