Erandioko III. Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko, martxoaren 31ra arte dago zabalik lanak aurkezteko epea. 2005eko urtarriletik gaur egunera arte egindakoak izan beharko dute, dokumentalak edo umorezkoak eta "erdaraz zein euskarazkoak (azpitituluak jarrita)" –horrela jasotzen da oinarrietan– eginak izan daitezke. Umorezko lanen iraupena 20 minutukoa izango da gehien jota eta 35 minutukoa dokumentalena; DVD formatuan aurkeztu beharko dira, orijinala eta kopia. Aurkeztutako filmak maiatzaren 15etik 20ra egingo den zinemaldian erakutsiko dituzte jende aurrean, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean. Hain zuzen ere, amaiera ekitaldian banatuko dira sariak. Ikus-entzunezko eskoletako ikasleen lanei dagokienez, "Pintxos" liburuan oinarrituta egon beharko dute, "edukiek hobeto baloratu ahal izateko", udal arduradunek adierazi dutenez.
Sariei dagokionez, umorezko film laburrik onenaren egileari 1.800 euro emango dizkiote, dokumental laburrik onenari beste horrenbeste eta ikus-entzunezko eskoletako metraje laburreko film onenari 1.200 euro. Azkenik, 500 euro izango ditu ikusleen aipamen berezia jasotzen duen filmak. Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, Erandioko Kultura, Gazteria eta Kirola Arlora (Irailaren 23a plaza, z/g) zuzendu beharko da parte hartu nahi duena.
Eskoletako laburmetrai onenari saria
"Ikus-entzunezkoen sektoreak gizartean, kulturan eta ekonomian duen garrantziaz ohartuta" ekin dio berriro Film Laburren Lehiaketa antolatzeari Erandioko Udalak. "Kultura Arlotik sortzaile gazteak lagundu nahi ditugu, udalerrian bertan EAEko Ikus-entzunezko ikasketen zentro hoberenetarikoa daukagula jakinda", adierazi zuten atzo tokiko arduradunek. Gauzak horrela, ikus-entzunezko eskoletako metraje laburreko film onenari ematen zaion saria "sendotu" nahi dute horretarako 200 euro gehiago bideratuz.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.