Lehengo antzezlanerako gonbidapenak –hortaz, dohainik– Andrak elkarteko egoitzan (Sabino Arana, 78), Gizarte Zerbitzuetan (Sabino Arana, 82) eta Kafe Huts taldeko lokaletan, Lamiako ikastetxean, (Langileria, 106) jaso ahal izango dira. Hurrengo egunean, aldiz, 10 euro ordaindu beharko dute Alkibla Teatroren antzezlana ikusi nahi dutenek. Aipatu beharra dago, EAEn lehendabiziko aldiz egongo dela ikusgain talde murtziarraren lana. Laila Ripioren “El día más feliz de nuestras vidas” (Geure bizitzako egunik zoriontsuena) komedia mingotsak hiru ahizparen 60ko hamarkadako historia kontatzen du lehenengo zatian, eta 80ko urteetakoa gero. Agertokiratzea elkarrizketa labur eta bizkorraren bitartez egiten da, agerian utziz hiru neskatila/emakume haien izaera gaztelau eta goibela, sasoi bakoitzeko konbentzionalismoek markatuak hirurak; humore eta samurtasun ez gutxirekin eta oreka perfektua lortuta tradizioaren eta berrikuntzaren artean.
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Martxoaren 8rako, asteazkena, elkarretaratzea deitu dute 12:00etan Boulevardean. Ondoren, bazkaria egongo da, Andrak elkarteak antolatuta. Aipatu taldearen egoitzan eman beharko da izena. Hala ere, aurreko egunean, zinemara joateko aukera izango du nahi duen guztiak. Martxoaren 7an, 10:30ean, Sakoneta kiroldegitik Artea merkatalgura abiatuko dira autobusak, ordu erdi beranduago, "A mi madre le gustan las mujeres” filmaz gozatzeko. Gonbidapenak Andrak elkarteko egoitzan (Sabino Arana, 78) eta Gizarte Zerbitzuetan (Sabino Arana, 82) hartu ahal izango dira. Azkenik, martxoaren 9an, "Ley de igualdad de oportunidades" hitzaldia eskainiko du Emakundeko idazkariak, 18:00etan, Kultur Leioan. Ondoren, piano eta kantu errezitaldia egongo da.