Erandioko Udala akusatuen jesarlekuan eseri behar izango da datorren irailaren 27an, Txorierriko Lur Maitea elkarte ekologistak bere kontra jarritako salaketa dela eta. Lur Maiteako kideek 1998an AENAri, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Loiu, Derio, Sondika eta Erandioko udalei Bizkaiko aireportuan egiten ari ziren lanek eta abioiek sortzen zuten zaraten inguruko informazioa eskatu zieten, Txorierriko hainbat biztanlek Ertzaintzari eginiko kexak dokumentatzeko. Dezibelen neurketa udal eskumena izanda, ekologistek auzitegietara jo zuten ustez aireportuko kutsadura akustikoa bermatzen ari ziren udalen kontra. Dagoeneko, Sondikako Udala epaitu dute, oraindik epaia eman gabe dagoela. Deriok martxoaren 30ean izango du auzia eta Loiuk ez dauka oraingoz datarik. Bestalde, Lur Maiteak berriki salatu zuen Asuako Macro eta Carrefour (lehengo Pryca) merkataritza zentroen arteko lurzorua kutsatuta dagoela. (Argazkian, Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkatea).