Erandiok ere hartuko du Topaguneak antolatutako Film Laburren Zirkuitua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 1a, 20:22

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Kultura Sailak euskarazko Film Laburren Zirkuituaren 3. edizioa antolatu du. Guztira, sei zuzendariren metraje laburreko bost film emango dira, Hego Euskal Herriko 20 herritan, martxoaren 2tik apirilaren 12ra bitartean. Topaguneak jakinarazi duenez, Uribe Kosta eskualdera ere helduko da zinemaldia; Berbots Erandion Euskaraz elkarteak antolatuta, martxoaren 21ean, asteartea, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean egongo dira ikusgai laburmetraiak, 20:00etatik aurrera. Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako "Txotx" (15’), Beatriz de la Vegaren "Sarabe" (15’), Bego Vicarioren "Haragia" (13’), Inaz Fernandezen "Hauspo soinua" (16’) –argazkian– eta, azkenik, Asier Altuna eta Telmo Esnalen "40 ezetz" (16’) dira proiektatuko diren iraupen laburreko aurtengo filmak.

Euskarazko Film Laburren Zirkuituan, bost film labur proiektatuko dira, 20 herritako euskara elkarteek zabalduta. Guztira, ordu bat eta laurdeneko emanaldia izango da. Aurreko edizioetan, Eusko Jaurlaritzaren “Kimuak” egitasmoan parte hartu duten lanen artean aukeratu dira zirkuitu honetan zabaldutako filmak. "Aurten, ordea, ez da euskaraz egindako lanik aurkeztu eta horrek 1998tik 2000ra bitarteko lanak berreskuratzera eraman gaitu. Hala ere, zoritxarrez, Zirkuituak baino ez du bermatzen euskarazko film labur horiek zenbait herritan zabaltzea. Horregatik, orain arte eskaini ez ditugun filmak aukeratu ditugu aurten, 2005ekoak izan ez arren", kritikatu dute Topaguneko arduradunek.

Euskararen erabilera sustatzea

Filmak proiektatu eta gero, emanaldi gehienetan aurkeztutako filmen zuzendariren bat egongo da, ikusleen galderak erantzun eta euren iritziak konpartitzeko. Horrela, zinegile eta ikusleek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Aldi berean, euskara elkarteek herrietako eskaintza kulturala aberasten lagunduko dute, hizkuntzaren erabileran eraginez. Topagunearen helburua “euskararen erabilera sustatzea” da. Hortaz, federazioak antolatutako ekimen guztiak xede horretara bideratuta daude: euskara goxo egitera alegia, Film Laburren Zirkuitua kasu. Guztira, 82 euskara elkarte daude Topagunean federatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun