Krutxeta kaleko lanei ekingo die berriro Gorlizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mar. 1a, 23:05

Krutxeta bidea urbanizatzeko lanei amaiera emango die azkenean Gorlizko Udalak. Obra horiek burutzeke geratu ziren, "arazo ekonomikoak eta lurzoruaren eskuragarritasunaren inguruko zenbait zirkustantzia zirela medio", Patxo Igartua alkateak adierazitakoaren arabera. Obrei bukaera eman aldera, zenbait jarduera bideratuko dira: galtzadako maila egokitu eta espaloiak egitea, bertarako sarbideak atontzeko lanak amaitzea... Halaber, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bideak ere jasotzen dira proiektuan, baita hornidura-sareak eta behar diren fabrikako lanak ere. “Oso proiektu garrantzitsua da, azkenean, udarako gauzatuta ikusiko duguna. Uztailerako herritarrek kale horretaz gozatzea espero dut”, adierazi du tokiko agintariak. Gorlizko Udalak 336.498,62 euro bideratu ditu horretara.

Urbanizazio lanen barruan, lorategietako hormatxoak erauztea; sestrak aldarazi beharreko galtzada, espaloi eta sarbide pribatuen zoladura eta bidezoruak egitea, eta beste hainbat kontu aurrikusten dira. Horretaz gain, zerbitzuetako hainbat sareko hodiak eta kanalizazioak ordezkatzea da asmoa. Bestalde, alboko lorategietako indusketa-lanei ekingo zaie, plataforma nagusia hobetze aldera; halaber, zerbitzuetako sare berriak jartzeko zangak ere hondeatuko dira. Horietaz gain, kanalizazio tarteak ere instalatuko dira, "egungoen ordez edo horiek zabaltzeko xedez", baita bidezoru eta zoladurak, lorategiei dagozkien lanak eta gainontzekoak ere. Azken hauei dagokienez, lorategietan landare-lurra zabalduko da, eta azalean soropila ereingo da, besterik gabe. Horiez guztiez aparte, seinale bertikal islatzaileak instalatuko dira, eta bideko markak ere pintatu egingo dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun